Joan eduki nagusira

zoom Casalí errektoreordea Keniako enbaxadoreari harrera egiten.

Casalí errektoreordea Keniako enbaxadoreari harrera egiten.

Keniako Errepublikak Espainian duen enbaxadorea, Bramwel W. Kisuya, Nafarroako Unibertsitate Publikoan izan da bisitan astearte honetan, uztailak 19, Teknologia eta Elikagaien Ingeniaritzako programen irakaskuntza eta ikerketa eskaintza ezagutzeko. Enbaxadorea Iruñera etorri da Kamau Githure ordezkaritza diplomatikoko kidearekin batera, eta bilera bat egin du Javier Casalí Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordearekin, eta Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako errektoreorde eta Elikagaien Teknologiako irakaslearekin. Era berean, bileran egon da Josune Urzainki Kanpo Harremanetarako Ataleko burua.

Bilera bukatu denean Keniako ordezkaritzak Arrosadiko campusa bisitatu du. Liburutegitik hasi eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET) dagoen Teknologia eta Elikagaien Ingeniaritzako laborategietan amaitu dute bisita. Bileraren azken zati horretan egon dira Juan Maté NIGMETeko zuzendariordea, eta Iñigo Arozarena Elikagaien Teknologia Saileko zuzendaria.

zoom Enbaxadorea Elikagaien Teknologiako laborategiak bisitatzen.

Enbaxadorea Elikagaien Teknologiako laborategiak bisitatzen.

Elikagaien Teknologia Sailak irakaskuntza eta ikerketa jarduera garatzen ditu diziplina anitzen bidez eta nekazaritzako elikagaien esparruko hainbat eremu jorratzen ditu. Horien artean aipatzekoak dira eraldaketa eta kontserbazio prozesuak, elikadura-segurtasuna, kalitatea eta higienea eta garbitasuna. Sailak eskaintzen du Unibertsitate Masterra Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologian eta Kalitatean, nekazaritzako elikagaien sektoreari lotutako hainbat jardueraren eremuan I+G+b lanak egiteko prestakuntza aurreratua ematen duena.

Ikerketa jarduerari dagokionez, Saileko osagaien diziplina aniztasunak bidea eman du hainbat ikerketa lerro garatzeko Teknologia eta Elikagaien Ingeniaritzaren arloan. Ikerketa jarduera honen zati bat lankidetzan egiten da sektoreko hainbat enpresarekin.