Joan eduki nagusira

zoom Miguel Ángel Campo Bescós

Miguel Ángel Campo Bescós

Lubakiak lurzoruetan sortutako lur-erretenak edo sakanak dira, eta lurzoruaren higadura eragiten duten euri-uraren uholdeek sortzen dituzte. Errege Bardeetako Natura Parkean lubakietako buruek aurrera egitean eragindako higadura prozesua ikertu ditu eta 4 buru mota identifikatu ditu Miguel Ángel Campo Bescós nekazaritza ingeniariak bere doktoretza tesian.

Lur horien dinamika analizatzeko, 300 hektareako arro hidrografikoa aukeratu zuen (300 futbol zelairen baliokidea). Airetik ateratako argazkiak erabili zituen lubaki iraunkorrak neurtzeko (sakanak) eta lehenengo aldiz lubakien hazkundea landa-baldintzetan simulatzen duen eredu matematiko bat ebaluatu zuen.

1956tik 2006rako aldian, sakan horiek batez beste urteko 0,46 eta 0,10 metro artean aurreratu dutela jotzen da. “Sakan guztiak ez dira berdinak —azaldu du Miguel Ángel Campok—. Urteko batez besteko higadura beste toki batzuetakoaren antzekoa da; esaterako, Huescako Pirinioaurrean urteko 0,7 metroko aurreratzeak daude eta Penedesen 0,3 metrokoak”.

Higadura horrek ekar dezakeen onurari edo kalteari dagokionez, “prozesu naturala da eta ezin dezakegu esan ez ona, ez txarra denik. Duela milioika urtetatik gertatzen den bezala, toki batzuetan lurzorua sedimentatzeko ezinbestekoa da beste toki batzuetan higadura egotea. Arazoa sortzen da gizakiaren jardunak higadura bizkortzen duenean”.

Bere iritzian, ikerketaren emaitza interesgarrienetako bat buru motak identifikatzea izan da. Zehazki, ondoko lau hauek: lurzoru homogeneoko lubakiak. Hauek bi aurreratze mota dituzte: ur jauzien edo sifonamenduaren bidezko prozesua; eta hareharrizko geruzak dituen lurzoruko lubakiak. Azken hauek desberdinak dira, hareharriaren lodieraren arabera (0,5 metro baino handiagoa edo txikiagoa).


Eredu matematikoa


Bestalde, lan honi esker lehenengo aldiz ebaluatu da lubakietako buruen aurrerapena simulatzen duen eredu matematiko bat. MITek (Massachusettseko Institutu Teknologikoak) garatutako eredu bat da, eta Miguel Ángel Campok aldatu eta egokitu egin du Errege Bardeetako landa-baldintzetara. “Lurzoru higatuaren bolumenak behar bezala simulatu zituen ereduak, baina aurreratze linealaren kalkuluari dagokionez goitik jo zuen balidazioa egitean, ereduak emari iraunkorraren zabalera hartu behar baitzuen kontuan".

“Caracterización de la red de cárcavas permanentes en una cuenca semi-árida mediante fotogrametría y modelado” da tesiaren izenburua. Juan Vicente Giraldéz Kordobako Unibertsitateko irakasleak eta Javier Casalí Sarasibar Nafarroako Unibertsitate Publikoko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakasleak zuzendu dute tesia, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Miguel Ángel Campo Bescos NUPeko nekazaritza ingeniaria da, eta Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailean lan egiten du laguntzaile gisa. Nazioko eta nazioarteko 15 ikerketa proiektutan parte hartu du, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu MITen (Ingeniaritza Zibileko eta Ingurumen Ingeniaritzako Sailean), Estatu Batuetan; Universidad Nacional del Litoralen, Argentinan; eta Oxfordeko Sedimentazioko Laborategi Nazionalean, Mississippin, Estatu Batuetan. Nazioarteko biltzarretan aurkeztutako 35 biltzar-txostenen eta nazioarteko aldizkarietako 7 artikuluren egilea eta egilekidea da.