Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ostiral honetan, uztailaren 1ean, 14:00etan itxiko du 2011-2012 ikasturterako ohiko aurreinskripzioa egiteko epea. Aipatu epea ekainaren 16an ireki zen. Ikasleek ikaspostua eskatuko dute, www.unavarra.es webgunearen bidez, NUPen ematen diren 16 Graduetako edozeinetan, eta ikasi nahi dituzten karrerak adierazi beharko dituzte lehentasun ordenaren arabera.

Apirilean aurreinskripzio aurreratua egin ez eta ikasketak amaitu gabe edo amaituta dauzkaten ikasleek ere egingo dute aurreinskripzioa. Aurreinskripzioa unibertsitateko webgunearen bidez bakarrik egingo da, eta unibertsitateak interesdunen eskura jarri du Ikasgelategiko 017. ikasgela, 08:30etik 14:00etara, aurreinskripzioak egiteko.

Aurreinskripzio prozesuan, ikasleek nahi dituzten lau titulazio jarriko dituzte gehienez ere, lehentasun ordenaren arabera. Ikasle bat karrera batean onartua bada, lehentasun ordenaren arabera atzean zerrendatu zituen titulazioak baliogabetzen zaizkio, baina, ondoren argitaratzen diren onartuen zerrendetan, kontuan hartuko dira lehenetsi zituen titulazioak. Hala, geroko onartuen zerrendetan onartua bada, lehen matrikula deuseztatu eta beste bat egiteko aukera du titulazio berrirako.

Apirilean edo ekainean aurreinskripzioa egindako ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 18an jarriko da jendaurrean, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 20 eta 21ean egin beharko dute matrikula unibertsitatearen web-orrialdean (www1.unavarra.es/estudios) jakinaraziko den hurrenkeran eta eran.

Bestalde, aurreinskripzioa apirilean egin zuten ikasleek beren aurreinskripzioetan aldaketak egingo dituzte era presentzialean Arrosadiko campuseko Administrazio eta Kudeaketa eraikineko Sarbide Bulegoetan.

Uztailaren 20 eta 21ean ohiz kanpoko azken aurreinskripzio epea irekiko da ohiko epeko eskaerak tramitatu ondoren hutsik geratzen diren ikaspostuetarako.