Joan eduki nagusira

Genero-indarkeria eta indarkeria hori desagerrarazteko gakoak aztergai izango dituzte ekainaren 14, 15 eta 16an Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako lehen udako ikastaroan. NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrak antolatu du ziklo hau. Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egingo da, eta doakoa da. Inskripzioa-epea astelehenera arte egongo da irekita, eta cursosdeverano@unavarra.es edo catedraunesco.ciudadania@unavarra.es helbide elektronikora idatziz edota (948168972) edo (948166190) telefono-zenbakietara deituz egingo da.

350etik gora pertsonak izena eman dute jada ikastaro honetan, eta hogei bat adituk parte hartuko dute. Izurri sozial honi buruz duten ikuspegia azalduko dute adituek epaileen ikuspuntutik, genero-indarkeriaren aurka borrokan ari diren erakundeen ikuspuntutik edo unibertsitateko ikerketaren ikuspegitik begiratuta. Ekainaren 14an, asteartean, hasiera emango zaio udako ikastaroari, Miguel Llorente genero-indarkeriaren gaietarako gobernuaren ordezkariaren hitzaldiarekin.

Gaur egun, nolabaiteko adostasuna dago indarkeria mota hau arazo larritzat jotzeko, baina gizarte-sentsibilitatea –borroka feministei esker- eta haren inguruan mugiarazi diren baliabide instituzionalak egonda ere, genero-indarkeria gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren erakusgarri gordina da. Ikastaro honek eztabaidarako gune bat ireki nahi du, fenomeno honen esanahiei eta kontzeptualizazioei buruzko gogoeta egiteko, indarkeria horren izaera eta arrazoiak aztertzeko, duen dimentsio politikoa azpimarratuz, botere-harremanak arautzen eta hierarkizatzen dituen genero sistema bati dagokiolako. Halaber, gaurko egoerari buruzko diagnostiko zehatzagoa egitea da asmoa, arreta berezia emanez azken urteetan egin denaren balioespenari, eta, azkenik, prebentziorako eta esku-hartzerako estrategiak ezagutzea edo proposatzea.

Erroak, diagnostikoa eta konponbideak

Ikastaroa hiru saiotan egingo da. Lehenengo saioan genero-indarkeriaren erroei eta esanahiari buruz jardungo dute parte-hartzaileek. Genero-indarkeria, justizia berrezarlea, misoginia edo tratu txarren dinamikak bikoteetan aztertuko dira txostenetan. Bigarren saioa ekainaren 15ean, asteazkenean, egingo da, eta egungo errealitateari buruzko diagnostikoa egingo da egoera errealak aztertuz. Espainian genero-indarkeriari buruz dauden azken datuak azalduko dira, eta gerretan emakumeen aurkako indarkeria nola erabiltzen den aztertuko da. Udako ikastaro honetako azken saioa ekainaren 16an, ostegunean, egingo da, eta indarkeria mota hau heziketaren bidez, berdintasunerako politiken bidez edo feminismoaren bidez desagerrarazteko gakoak ezagutarazi nahi dira. Udako ikastaroaren programa osorik jaisteko: www.unavarra.es