Ezkerretik eskuinera, Pedro Iraizoz, José Ramón Alfaro, Jesús María Pintor, Paloma Vírseda, Manuel Rapún, Julio Lafuente, Alfonso Carlosena, Eloísa Ramírez, María José Asiain, Javier Casalí eta Javier Echeverría
Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak bere zuzendaritza talde berria aurkeztu du. Aurreko agintaldiko nukleoa mantendu eta, halaber, lau kide berri hartu ditu, eta errektoreordetza bat bitan banatu du. Zuzendaritza taldea osatzen dutenak errektorea, zortzi errektoreorde, idazkari nagusia eta kudeatzailea dira. Errektorea eta bere taldea karguaz jabetzeko erakunde ekitaldia ostiral honetan izango da, ekainaren 3an, 12:00etan, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan, eta hara agertuko dira Nafarroako agintari nagusiak.
Errektoreorde berriak ondoko hauek dira: Manuel Rapún Gárate, Ekonomia Aplikatuko katedraduna, Plangintza, Prospektiba eta Ekonomia Errektoreordetza beteko duena, Katrin Simón Elorzen ordez. Eloísa Ramírez Vaquero Erdi Aroko Historiako katedradunak Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren ardura izango du, azken agintaldian Camino Oslé Guerendiáin andreak bete zuena. Paloma Vírseda Chamorro Elikagaien Teknologia Arloko irakaslea Ikasleen Gaietarako errektoreordea izango da. Arlo hori, azken agintaldian, Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzarekin lotua zegoen. Azken aldaketa Javier Echeverría Martorell Matematikaren Didaktikako irakaslearena izan da. Idazkaritza Nagusiaren ardura hartuko du, Soledad Barber Burusco andrearen ordez. Echeverría idazkariordea izan da azken agintaldian.
Karguan mantentzen direnak ondoko hauek dira: Alfonso Carlosena García, Ikerketako errektoreordea; Jesús María Pintor Borobia, Irakaskuntzako errektoreordea; María José Asiain Ollo, Irakasleen Gaietarako errektoreordea; Javier Casalí Sarasíbar, Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordea, eta José Ramón Alfaro López, Tuterako campuseko errektoreordea. Taldea osatzeko, Pedro Iraizoz Munárriz berriz ere kudeatzaile karguan egongo da. Izendapen hau Gizarte Kontseiluaren adostasunarekin egin da.
Karguaz jabetzea
Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore hautatu zuten, berriz ere, apirilaren 14an izan ziren hauteskundeetan. Lafuentek botoen % 57,92 eskuratu zuen. Beste hautagaia Rafael Lara zen, eta botoen % 42,08 eskuratu zuen.
Errektorea eta bere taldea karguaz jabetzeko erakunde ekitaldia ostiral honetan egingo da, ekainaren 3an, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan. Julio Lafuente jaunak agintari-makila jasoko du, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariaren eskutik.