Joan eduki nagusira

Gobernu Kontseiluak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren III. Plan Estrategikoa 2011-14 onetsi du. Dokumentu honetan jasoko dira erakundeak hurrengo laurtekorako dituen erronka, lehentasun eta helburuak. Dokumentu honek II. Plan Estrategikoa 2005-2008 eta 2009ko luzapena ordezkatuko ditu, eta Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluari igorriko zaio orain. Gobernu Kontseiluarekin batera koordinatu du organo horrek plana, NUPeko Estatutuek ezarri bezala.

Plan honen onespenak bukatzen duen prozesu luzean parte hartze handia izan dute unibertsitateko komunitateko arlo guztiek. Joan den 2010eko martxoan onetsi zen Plan Estrategikoaren I. Fasea, eta jarduteko hiru ardatz estrategiko nagusia ezarri ziren (prestakuntza, ikerkuntza eta transferentzia, eta zabalpena). Hiru zutabe estrategiko horietatik abiatuz, laneko bigarren fasean zeharkako beste hiru ardatz sortu dira, ipini diren helburuei heldu ahal izateko. Nazioartekotzea, prozesuak eta kalitatea eta baliabideak dira ardatz horiek.

Era berean, plan hau prestatzeko azken denboran, 2010ean izan diren bi gertaerek garrantzia berezia izan dute Unibertsitatearen plangintza estrategikoaren prozesuan. Lehena Ebro ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa ematea izan da, NUPek, Zaragozako, Errioxako eta Lleidako Unibertsitateekin batera, hartan parte hartzen baitu. Bigarrena Comptos Ganberak aurkeztu duen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Kudeaketari buruzko analisi-txostena izan da. Hobekuntza proposamenak eta jarduerak garatu eta ezartzeko duten garrantziagatik, biak sartu dira III. Plan Estrategikoan.

Dokumentuak adierazten du Nafarroako Unibertsitate Publikoak gizartearen aurrerapenari ekarpenak egin behar dizkiola jakintza sortu eta eskualdatuz, eta kultura sustatuz, pertsonaren prestakuntza osoa lortzeko. Modu honetan, lagungarri izango da ikasleen prestakuntza osoa erdiesteko, prozesu pertsonalizatu eta tutorizatuen bidez, ikerketa sustatuko du, bere inguru sozioekonomikoarekin lankidetzan, eta erreferentziazko agentea izango da Nafarroako berrikuntza sistemaren barnean; espezializazioa bilatuko du nortasun ikur gisa Espainiako eta nazioarteko unibertsitatearen arloan; gizarte erantzukizuneko irizpideak aplikatuko ditu gizartearekin konpromisoa duen unibertsitate gisa; eta bizitza profesionalak hobeki garatzea ahalbidetuko duen lan ingurunea sortuko du.

Ardatzak, helburuak eta ekintzak

NUPeko III. Plan Estrategikoak xehetasun guztiekin azaltzen ditu bere ardatz estrategiko bakoitzaren helburuak, ekintzak eta adierazleak.

Prestakuntza ardatz estrategikoaren helburua da finkatzea Europako Unibertsitate Eremuan ezarri den irakaskuntza metodologia eta ebaluazioa, Tituluen Kalitatearen Berme Sistemaren bidez. Era berean, bultzatuko dira ikasleen profil eleaniztuna eta prestakuntza bizitza osoan zehar, eta neurriak abiaraziko dira tituludunen laneratzea hobetzeko.

Ikerketa ardatzean egiaztatzen da kanpoko azterlanek eta sailkapenek nabarmentzen dutela NUPek bere ibilaldi laburrean lortu duen maila, ikerketan eta bestetaratze gaietan. III. Plan Estrategikoak kalitate handiko ikerketa sustatu eta handitu nahi du, eta haren ikusgaitasuna, balioztapena eta hedapena hobetu. Halaber, ikerketa jarduera sustatu nahi du, inguruan eta lehentasuneko eremuetan, bai eskualde mailan (Moderna Plana), bai Espainian eta nazioartean ere.

Unibertsitate Zabalpena ardatzaren helburu nagusietako bat Konpromisoaren eta Unibertsitatearen Gizarte-Erantzukizunekoa eraikitzea da. Horretarako hainbat programa finkatzeko asmoa dago: osasunaren sustapena, unibertsitate irisgarria, berdinzalea eta solidarioa, edo kulturarekin eta kirolarekin konprometitutako unibertsitatea. Balioetan oinarritutako hezkuntza ere sartuko da irakaskuntza eta ikerketa programan, eta Unibertsitatearen Gizarte-Erantzukizuneko I. Plana prestatuko da.

Nazioartekotzea lehenbiziko aldiz sartu da Planaren ardatz espezifikoen artean. Agirian jasotzen da nazioartekotzeko plan espezifikoak prestatzea ikastegi bakoitzean, NUPen nazioarteko ikusgaitasuna areagotzea, eta garapenerako unibertsitate-lankidetzaren ekintzak sustatzea. Gainera, irakasleen eta ikertzaileen eta ikasleen nazioarteko profila sustatuko da, mugikortasun programen bidez.

Prozesuak eta Kalitatea ardatza prestakuntza, ikerketa eta bestetaratzea edo hedapena egituratzeko tresna izan behar da. Horregatik, Planak EUErekin sartu diren berrikuntzak finkatu nahi ditu, tituluen kalitatearen berme sistemen bidez, eta kanpo ebaluazioa bultzatu nahi du, europar bikaintasun ereduaren bidez. Ardatz honetan bestelako ekintza batzuk daude: gardentasunean oinarritutako kudeaketa eredura jotzea, informazio sistemak hobetzea eta administrazio elektronikoa garatzea.

Azkenik, Baliabideak dugu Planean diren zeharkako ardatzetako bat. Besteak beste, ondoko helburuak ditu: baliabide materialak eta azpiegiturak optimizatzea eta berriz esleitzea, Urteanitzeko Finantzaketa Hitzarmen bat onestea, edo finantzabide iturriak dibertsifikatzea.