100dik gora pertsonak parte hartuko dute asteazken honetatik, maiatzaren 11tik, aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoan “Bakea, Gatazkak eta Bizikidetza” izeneko ikastaroan. Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak sustatu du foro hori, eta hainbat erakundetako aditu eta pertsonalitateek ikuspegi askotarikoetatik gogoeta egingo dute bakeari buruz, bizikidetzaren porrotari buruz, biktimei buruz edo gatazken konponbideari buruz. Ikastaroa ostiralean, maiatzaren 13an, amaituko da, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egingo da eta ekitaldi irekia izango da jendearentzat.
Concepción Corera Unesco Katedrako zuzendariak inauguratu du. Hiru gai-arlotan egituratzen da, eta arlo horiek hitzaldien eta mintegien bidez garatuko dira. Lehenengoa gaur, asteazkena, maiatzak 11, egingo da, eta gai hau aztertuko da: bakea balio gisa, bere betebeharretan eta mehatxuetan. Hasiera ekitaldi honetan gonbidatutako hizlariek bakearen kulturaren gako nagusiak aztertuko dituzte ikuspegi historiko, filosofiko eta sozio-politiko batetik.
Horien artean daude Manuel Reyes Mate CSICeko Filosofia arloko ikertzailea, Carmen Magallón Fundación Seminario de Investigación para la Paz fundazioko zuzendaria, Vicent Martínez Guzmán Castellongo Bakerako Filosofiari buruzko UNESCO Katedraren ohorezko zuzendaria edo Manuela Mesa CEIPAZeko zuzendaria eta Fundación Cultura de Paz fundazioko kidea.
Bigarren jardunaldia ostegun honetan egingo da, eta bizikidetzaren porrotak eta gatazken konponbidea izango dira aztergai. Bizikidetzaren adiskidetza etikoki nola gauzatu aztertuko da hitzaldietan, aipamen berezia eginez justiziari, neurri alternatiboei eta politika kriminalari. Kasu honetan, gonbidatuen artean daude Carlos Taibo Zientzia Politikoko irakaslea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Josep Ramoneda Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroaren zuzendaria, Jonan Fernández Baketik erakundeko zuzendaria edo Esther Erice Nafarroako Probintzia Auzitegiko burua.
Ikastaroa maiatzaren 13an, ostiralean, amaituko da, eta indarkeriak biktimengan eta biktima eragileengan sortzen dituen ondorioak aztertuko dira, bakearen kulturaren ikuspegitik. Jardunaldi honetan bakea lortzeko esperientzia zehatzak aztertuko dira egiteko horietan dabiltzan agentzien, biktimen eta pairatzaileen lekukotasunen bidez. Parte-hartzaileak: Iñaki García Arrizabalaga (ETAren biktima), Isabel Casanova (M-11ko atentatuko biktima) eta Edurne Brouard (GALen biktima), bai eta Lokarri, Gesto por la Paz eta Artamugarriak erakundeak ere.
Jardunaldi hauetako programa osoa helbide honetan dago kontsultatzeko: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos.