Joan eduki nagusira

zoom NASF taldeko ordezkariak Standford Unibertsitatea bisitatu zutenean, San Franciscorako bidaian joan den urteko abenduan

NASF taldeko ordezkariak Standford Unibertsitatea bisitatu zutenean, San Franciscorako bidaian joan den urteko abenduan

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Industria eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren bidez, NASF taldearen bilera bat egingo du bihar ekintzailetzari buruz. Helburua da Nafarroako alderdi politikoetako ordezkari nagusiei jakinaraztea Nafarroan enpresak sortzeko bidea ematen duten ekimenak. Bilera arratsaldeko 19:00etan egingo da Ikasgelategiko 09. ikasgelan.

NASF taldean sortu den ekimen honen asmoa da Nafarroako talde politikoei igortzea gizarte sareen bidez bildutako ekimenak, Nafarroan ekintzailetza hobetu eta errazteko. Dagoeneko mila proposamenetik gora bildu dira taldearen Facebook eta Twitter profiletan. http://www.facebook.com/pages/emprenderiamejor/194526930582283 orrialdean daude ikusgai. Topaketan parte hartuko dute Nafarroako talde politiko nagusietako ordezkariek: Yolanda Barcina (UPN), Roberto Jiménez (PSN), Patxi Zabaleta (NaBai), José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra), José Andrés Burguete (CDN) eta Santiago Cervera (PPN).

Ekitaldian bi zati bereizi egongo dira. Lehenbizikoan ekimen honen jarduketa lerro nagusiak azalduko dira, eta jarraian, hautagaiek ekintzailetzari buruz dituzten planteamenduak azalduko dituzte. Azken zati horretan aukera egongo da hautagai politikoei galderak igortzeko honako hashtag honen bidez: #Emizangaiarenizena (adibidez, #EMYolanda). Gainera, topaketa zuzenean emango da http://www.navarratv.com. webgunearen bidez. Gonbidapenak lortzeko aukera dago http://emprenderiamejor.ticketea.com/. helbidean.


NASF taldea


NASF taldea Twitter-en sortu zen gizarte ekintzaren bidez ekintzailetza eta jarrera sortzaileak sustatzeko modu gisa. Gaur egun ia 400 lagunek bat egin dute NASF manifestuarekin. Horietako asko Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle ohiak dira, esaterako, Óscar Matellanes edo David Luquin, Medicis-en zuzendaria eta topaketaren sustatzaileetako bat dena.

Talde honen jardueren artean aipatzekoak dira “superasteartea #NASF” izenekoan hamabostero egiten dituzten bilerak, edo joan den urteko abenduan egin zuten espedizioa San Franciscora eta Silicon Valley-ra; han teknologia berrien sektoreko Twitter eta Google enpresa handiak bisitatu baitzituzten.