Joan eduki nagusira

Hainbat erakundetako aditu eta pertsonalitateek parte hartuko dute maiatzaren 11, 12 eta 13an Nafarroako Unibertsitate Publikoan “Bakea, Gatazkak eta Bizikidetza” izeneko ikastaroan. Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko UNESCO Katedrak sustatu du foro hori, eta ikuspegi askotarikoetatik gogoeta egingo dute bakeari buruz, bizikidetzaren porrotari buruz, biktimei buruz edo gatazken konponbideari buruz. Topaketa Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egingo da, eta jendeari irekita dago. Topaketa honen programa kontsultagai dago NUPen webgunean. Inskripzioa doakoa da, eta 948166190 telefono zenbakira deituz egingo da edo (catedraunesco.ciudadania@unavarra.es) helbide elektronikora idatziz.

Bizikidetza baketsua eta hiritartasuna arduratsua lortzeko justizia, berdintasuna eta askatasuna bezalako balioak sustatzeko konpromisoa bere gain hartu du Unesco Katedrak orain dela bi urte sortu zenez geroztik, eta helburu horiek zuzenean lotuta daude UNESCOren helburu nagusiarekin, hau da, bakea eraikitzearekin. Ikastaro honekin, Katedraren asmoa da gogoetagai eta oinarrizko eztabaidagai bihurtzea bakea, bizikidetzaren porrotak eta gatazken konponbide positibo eta etikoa, eta halaber indarkeriak biktimengan eta biktima-eragileengan sortzen dituen ondorioak, hori guztia bakezko begiratu askotarikoetatik, eta Estatuko hainbat tokitan bakearen alde lanean ari diren pertsonalitate eta erakundeen eskutik.Topaketa hiru gai-arlotan egituratzen da, eta hitzaldien eta mintegien bidez garatuko dira. Lehenengoa maiatzaren 11n, asteazkenean, egingo da, eta ondoko gai honi buruz arituko da: bakea balio gisa, bere betebeharretan eta mehatxuetan. Gonbidatutako hizlariek bakearen kulturaren gako nagusiak aztertuko dituzte ikuspegi historiko, filosofiko eta sozio-politiko batetik. Horien artean daude Manuel Reyes Mate CSICeko Filosofia arloko ikertzailea, Vicent Martínez Guzmán Castellongo Bakerako Filosofiari buruzko UNESCO Katedraren ohorezko zuzendaria edo Manuela Mesa CEIPAZeko zuzendaria eta Fundación Cultura de Paz fundazioko kidea.

Bigarren jardunaldian bizikidetzaren porrotak eta gatazken konponbidea izango dira aztergai. Bizikidetzaren adiskidetza etikoki nola gauzatu aztertuko da hitzaldietan, aipamen berezia eginez justiziari, neurri alternatiboei eta politika kriminalari. Kasu honetan, gonbidatuen artean daude Carlos Taibo Zientzia Politikoko irakaslea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Josep Ramoneda Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroaren zuzendaria, Jonan Fernández Baketik erakundeko zuzendaria edo Esther Erice Nafarroako Probintzia Auzitegiko burua.

Ikastaroa maiatzaren 13an, ostiralean, amaituko da, eta indarkeriak biktimengan eta biktima eragileengan sortzen dituen ondorioak aztertuko dira, bakearen kulturaren ikuspegitik. Jardunaldi honetan bakea lortzeko esperientzia zehatzak aztertuko dira egiteko horietan dabiltzan agentzien, biktimen eta pairatzaileen lekukotasunen bidez. Parte-hartzaileak: Iñaki García Arrizabalaga (ETAren biktima), Isabel Casanova (M-11ko atentatuko biktima) eta Edurne Brouard (GALen biktima), bai eta Lokarri, Gesto por la Paz eta Artamugarriak erakundeak ere.