Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera Juan Ramón Corpas, Francisco Calvo Serraller, Camino Oslé eta Juan Ignacio Vidarte.

Ezkerretik eskuinera Juan Ramón Corpas, Francisco Calvo Serraller, Camino Oslé eta Juan Ignacio Vidarte.

Richard Serra. Idazlanak eta elkarrizketak. 1972-2008 izenburua duen liburua aurkeztu gaur Guggenheim Museoan Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUPeko) Jorge Oteiza Katedrak. Lan hori gaur arte argitaratu den artista kaliforniarraren pentsamendu teorikoaren bilduma osoena da. Liburua gaztelaniaz argitaratu da, NUPeko Argitalpen Atala ari da egiten banaketa, eta Nafarroako Gobernuak eta Mapfre Fundazioak finantzatu dute. Unibertsitatea euskarazko argitalpena prestatzen ari da.

Aurkezpenean Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilariak, Camino Oslé NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak, Francisco Calvo Serraller Jorge Oteiza Katedrako zuzendariak eta Juan Ignacio Vidarte Bilboko Guggenheim Museoko zuzendari nagusiak parte hartu dute.

Lan horren jatorria Richard Serrak 2009ko apirilean, Jorge Oteiza Katedrak antolatutako “Eskultoreak eskulturari buruz” zikloaren barnean, eta Work Comes out of Work (Lanetik sortzen da lana) izenburupean, eman zuen hitzaldi batean dago. Egun horretan bertan, Richard Serra Nafarroako Unibertsitate Publikoko Honoris causa doktore inbestitu zuten. Idazlan hautatuen bilduma bat argitaratzeko aukera eskaintzen die Oteiza Katedrak zikloan parte hartzen duten eskultoreei, eta Richard Serraren liburua da, hain zuzen ere, proiektu honen lehen emaitza. Carmen Giménez New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoko kontserbatzaileak aktiboki parte hartu du liburua atontzeko prozesuan.

Liburuan artistak hautatutako 57 idazlan eta elkarrizketa jasotzen dira, eta gehien-gehienak lehenengo aldiz itzuli dira gaztelaniara. Antologia honetan argitaratu gabeko lanak sartu dira, eta artista honek, zeinak Arteetako Asturiaseko Printzea Saria lortu baitzuen, garatutako pentsamendu teorikoa aletzen du. Arteari, teknikari, eskulturari, marrazketari, museoei, bere lanari eta lanaren zirkunstantziei buruzko gogoetak elkarri lotzen zaizkie bilduma oso honetan, eta autoreak bere ibilbide artistikoaren eta bere lan garrantzitsuenen sormen prozesuaren berri ematen du.

Liburuki honetako testuen erdiak Chicagoko Unibertsitateak 1994an Richard Serra. Writings, Interviews izenburupean argitaratutako bildumaren itzulpena dira, baina beste erdiak berariaz bildu dira argitalpen honetarako. Ale honek hainbat arte aldizkaritan, erakusketa katalogotan eta hedabidetan argitaratutako lanak biltzen ditu, unibertsitateetan eta artegunetan emandako hitzaldiekin batera. Richard Serraren pentsamendu artistikoaren ibilbide osoa, bere prestakuntza garaietatik azken urteetako pieza entzutetsuetaraino.

Bilduman dago Oteiza, mugagabetasunerako mintzaira (Oteiza, un lenguaje para la inmensidad) izenburua duen idazlana. Idazlan hori El Diario Vasco egunkarian argitaratu zen 1993eko urriaren 21ean, euskal eskultorearen 85. urtemuga zela-eta berripaperak atera zuen gehigarri berezi batean. Aipatu idazlanean Oteizari dion mirespen artistiko eta kontzeptuala aitortzen du. “Oteizaren hiru lanek obsesionatzen naute beren nagusitasunagatik –esaten du–. Haietako bakoitzak gatazka bat planteatzen dit Historiarekin. Gaur egun ere zalantzarik gabe abangoardistak baitira, Oteizak 1957. urtetik 1958. urtera bitartean egin bazituen ere. Homenaje al padre Donostia, Caja metafísica por conjunción de tres diedros eta Homenaje al estilema vacío del cubismo. Hiru lan hauen bidez osatutako espazioak ez du aurrekaririk”, onartzen du Serrak.

Richard Serraren (San Francisco, 1939) lanari buruzko erakusketa handiak egin dira arte garaikidearen museo garrantzitsuenetan: Parisko Georges Pompidou Zentroan (1983), Londresko Tate Galleryn (1992) eta New Yorkeko Arte Modernoko Museoan (1986, 2007). Sarri askotan gonbit egin diote munduko abanguardiako plataforma aipagarrienetan parte hartzeko (Kasseleko Documenta, Veneziako Bienala), eta bere lana Europako, Estatu Batuetako, Zelanda Berriko eta Asiako ehunen bat museotan erakusten da. Eskulturaren arloan ematen diren sari handienak jaso ditu Amerikako eta Europako erakundeen eskutik.

Serra, Bilboko Guggenheim Museoan

Aita Mallorcakoa zuenez, Richard Serrak harreman handia izan du gure herrialdearekin era guztietako ekimen eta proiektuen bidez. 80ko hamarraldiaren hasieran “Correspondencias” erakusketan (1982-83) parte hartu zuen, eta erakusketa honetarako bi lan egin zituen in situ Madrilen eta Bilbon: Step (1982) eta Bilbao (1983). 1982-84. urteetan, La palmera izeneko lan iraunkorra jarri zuen Bartzelonako Plaza de la Palmeran.

1986an Reina Sofia Arte Zentroa ireki zela eta, Igual-Paralelo: Guernica-Bengasi instalazio ikaragarria egiteko eskatu zioten Serrari.Zoritxarrez, instalazioa desagertu zen, baina artistak musutruk berriro egin, eta 2008. urtean jarri zuten MNCARSen. Halaber, 1986an berriro egin zuen in situ bere lan adierazgarrienetako bat, Splashing, oraingoan Geometriaren eta keinuaren artean Eskultura iparramerikarra 1965-1975 erakusketarako (Madril, Velazquezen Jauregia). Beste lan batzuekin ere parte hartu zuen erakusketa horretan.

MNCARSek eta Bilboko Guggenheim Museoak Serraren lanari buruzko erakusketa bana antolatu zituzten 1992 eta 1999an. Lehenengoa atzera begirakoa zen. Guggenheim Museoak berak, 1997an ireki zenean, Snake izeneko lan iraunkorra jarria zuen, eta lan haren atzetik, 2005ean, Denboraren materia etorri zen, zortzi piezako monumentu multzoa −aurrekoa barne−, «Richard Serrak espazioaren fisikotasunari buruz eta eskulturaren izaerari buruz egin duen gogoetarik osoena» diotenez.

Jorge Oteiza Katedra

Jorge Oteiza Katedra irakaskuntzako eta kulturako erakundea da eta 2002. urtean sortu zen, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmen baten bidez. Katedra sortzearen arrazoia izan zen erakundeen onarpena ematea Jorge Oteiza eskultorearen lan artistikoari eta pentsaera estetikoari. Jorge Oteiza Katedraren jarduerak “Artea eta kultura XXI. mendeko gizarteetan” deituriko programan biltzen dira. Programa horren helburua da kultura garaikideari buruzko analisia, gogoeta eta kritika sustatzea pentsamendu estetikoari eta sormen artistikoari lotutako gaiak landuz. Jorge Oteizaren lana da programaren oinarria, eta, beraz, arreta espezifikoa eskaintzen dio artistaren lanari.