Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ateak Zabaltzeko Eguna egingo du aurten lehen aldiz larunbat honetan, apirilaren 2an, Arrosadiko campusean. Honako aurkezpen ekitaldi hauek hurrengo ikasturtean unibertsitatean sartu nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat dira. Lehen egun honetan xehetasunez aurkeztuko diren titulazioak Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolakoak, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien, Giza eta Gizarte Zientzien, eta Zientzia Juridikoen fakultateetakoak dira. Parte-hartzaileek graduen ezaugarriak azaltzen diren hitzaldietara joan ondoren, bisita gidatua egiteko aukera izango dute Arrosadiko campusean zehar, kirol instalazioak eta Urkiak unibertsitate egoitza ikusteko.
Egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako graduen aurkezpenarekin, Osasun Zientzien eraikineko ekitaldi aretoan, Barañaingo etorbidean, z/g, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko graduen aurkezpenarekin, Ikasgelategiko 09. gelan.
Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak bi saiotan banatu du aurkezpena. Lehenbiziko saioan, goizeko 11:30ean Ikasgelategiko 012. gelan egingo den horretan, Gizarte Laneko eta Soziologia Aplikatuko graduei buruzko argibideak emango dituzte. Bigarren saioan Irakasle graduak azalduko dira eguerdiko 12:30ean, 09. gelan. Azkenik, Zientzia Juridikoen Fakultateko graduak goizeko 11:30ean 013. gelan aurkeztuko dira.
Arrosadiko campusean Ateak Zabaltzeko bigarren Eguna hurrengo larunbatean, apirilaren 9an, egingo da eta, horretan, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioak aurkeztuko dira. Bi saioetarako egitarau osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgune ofizialean dago kontsultatzeko (www.unavarra.es).
Aurreinskripzio Astea
Ateak Zabaltzeko egun hauek, aurreko astean Tuterako campusean egin zenaren moduan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2011-12 ikasturterako Aurreinskripzio Astea abian jarri baino lehen egiten dira, izan ere, aurten, apirilaren 18tik 20ra bitartean (biak barne) izango baita. Aurreinskripzioa Interneten bidez egiteko aukera dago eta informazio guztia www.unavarra.es webgunean dago.