Orreaga Ibarra irakasleak Nafar euskaldun gazteen ahozko diskurtsoa liburua argitaratu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskutik. Liburu honetan Nafarroako gaur egungo gazte euskaldunen hizkeraren benetako datu errealak bildu eta aztertu dira, bereziki ahozko dimentsioan, beren ingurune sozial, kultural eta antropologikoan txertaturik. Liburua prentsaurre batean aurkeztu da gaur, eta Orreaga Ibarrarekin batera, Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordea agertu da. Liburua Nafarroako Unibertsitate Publikoko Argitalpen Atalak argitaratu du, Colección Ciencias Sociales bildumaren barrenean.
Orreaga Ibarrak azaldu duenez, ikerketa honetan parte hartu duten gazteak 15-27 urte bitartekoak izan dira, hizkuntzaren jabe egin direnak eta euskaraz modu idatzian zein ahozkoan komunikatzeko erabat gai direnak. Unibertsitatean edo institutuan dabiltzan nerabe eta gazteak dira, gehienak Iruñekoak edo Iruñerrikoak. Guztiak ikastoletan edo D ereduan eskolatuak izan dira 3 urtetik aurrera.
Ahozko solasa biltzeko bi metodo erabili izan ditu irakasleak, elkarrizketa gidatuak, alde batetik, eta solas librea, bestetik. Bigarren kasu honetan, gazteek berek eginiko grabaketak izan dira iturri, beren solas lasai eta arduragabekoetan, tabernan, dendan edo etxean lasai zeudenean.
Ikerketan agerian geratzen dira ahozko euskara bizitzen ari den aldaketak. “Edozein hizkuntza bezala –argitu du egileak-, euskara etengabeko aldakuntzan dago; are gehiago gure egunotan, txiki-txikitatik hainbat gaztek euskaraz ikasten baitute. Bertzaldetik, bi erdarak or daude, etengabeko eraginean ari dira eta horrek euskara moldatzen du etengabe. Eta azkenik, gazteak diren aldetik, denak modu berriak garatzen ari dira euskaraz, harreman soziala eta beren arteko komunikazio faktikoa indartzeko hitz egiten baitute”.
Liburuan sakontzen da, batez ere, gazteen hizkeraren hiztegian eta pragmatikan, alde morfosintaktikoa eta fonetikoa baztertu gabe. Eta azterketa horretan frogatzen denez, gaiak, hiztegia, kalkoak, harridura adierazteko esapideak, lokailuak eta, nabarmen aldatu dira; nabaria baita gaur egungo gazte baten hizkera duela mende bateko euskaratik oso urrun dagoela.
Horrezaz gain, alor soziolonguistikoa ere da aztergai: besteak beste gazteen euskarari buruzko kontzientzia, jarrerak eta iritziak eta baita egungo gazte talde desberdinen hainbat ezaugarri ere. Liburuaren amaieran, Iruñerriko gazte hizkeraren elkarrizketa hautatu batzuk jaso dira, denak ahozko dimentsioan sorturik.
Ondorio nagusiak
Egilearen ustez, azterketatik ateratzen ahal den ondorio nagusia da jargoiak edo gazteen erregistroak badirela konfirmatzen dela. “Gure ustez, jargoiak egotea hizkuntza orokorra aberasteko arrazoia da, giza hizkuntzari esleitu ohi zaion sormena berresten duena”. Beste ondorio aipagarri batzuk ondoko hauek dira: gazte euskaldunek adierazten dute askotan naturaltasuna falta zaiela hitzegiteko orduan eta beraiek ere konturatzen direla batzuetan diskurtsoa gaztelaniaz eraikitzen dutela; belaunaldi berrien euskara gero eta eklektigoa da; idatzi hitz egin baino hobeki egiten dutela baieztatzen dute; gaztelaniara jotzeko joera esamoldeen irmotasuna edo bizitasuna azpimarratu nahi denean; hizkuntz aldaketa eta dialektoen nahasketa hiriko dialektoen ezaugarriak dira; dialektoen eta euskara batuaren arteko hibridazioa gero eta agerikoagoa da; beharbada argot mota baten sorreraren aurrean gaude.
Liburu hau egiteko zenbait disziplinen laguntza behar izan da. “Honenbestez, alor anitzetako berezilariek badute hemen zer irakurri, adibidez, soziolinguistikan, dialektologian edota diskurtsoaren azterketan aritzen diren horiek”, esan du egileak.
Orreaga Ibarra Murillo (Mezkiritz, 1960) Euskal Filologian doktorea da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titularra, Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Sailekoa. Nafarroako garaiko ibarretako hizkerak bildu eta jorratu ditu dialektologiaren ikuspuntutik. Alor honetan kokatu behar dira bere lan eta artikulu gehienak. Ultzamako eta Basaburuko mintzoak lehenik, eta Erroibarko eta Esteribarko hizkerak eta lexikoa azken urteotan. Honezaz gain, toponimiako eta antroponimiako bildumek eta idazki zaharren argitalpenek osatzen dute beraren ekarriak. Zabalkunde lanak plazaratzeaz ere kezkatu da beste lan batzuetan.