Nafarroako Unibertsitate Publikoko hiru Industria ingeniari, egun master ikasketak egiten ari direnak, bihar, martxoaren 24an, osteguna, lehiatuko dira Mexikon enpresa simulazioko nazioarteko lehiaketa baten finalean. Hona hemen taldeko partaideak: David Aranguren, Materialen Ingeniaritza eta Fabrikazio Prozesuak Masterreko ikaslea eta Zabala Innovation Consulting enpresako langilea; Julian Rodrigo, Materialen Ingeniaritza eta Fabrikazio Prozesuak Masterreko ikaslea eta AIN enpresako langilea; eta Iosu Mayo, Energia Berriztagarrien Masterreko ikaslea eta Acciona enpresako langilea.
Beertual Challenge enpresa simulazioko nazioarteko lehiaketak hirugarren edizioa beteko du. Grupo Modelo mexikar enpresak antolatzen du lehiaketa, eta enpresa horren produktuen artean dago Coronita garagardoa. Sariketa bi mailatan banatzen da, bata Gradu ikasketetako ikasleentzat eta bestea Master ikasketetako ikasleentzat. Guztira ia 4.000 talde aurkeztu dira, eta horietatik 500 Master mailakoak dira.
Lehiaketa hau negozio joko bat da, mexikar eta espainiar ikasleen heziketa aberasteko sortutakoa. Lehen aldi batean, taldeek sei astetan ideiak garatu behar izan dituzte garagardo enpresa birtual bati buruz, “Beertual” izenekoa eta “Bertland” izeneko fikziozko herrialde batekoa. NUPeko ikasleen taldeak, “Los Dolphins” izena duenak, hainbat erabaki hartu behar izan zituen honako gai hauei buruz: finantzak, salmentak eta banaketa, marketina, ekoizpena, giza baliabideak eta gizarte erantzukizuna, eta horiek guztiak ebaluatu zituen negozio simulatzaile batek.
Lehen aldi honetan, “Los Dolphins” taldea bigarren gelditu zen eta horrek bidea eman die finalerdira iristeko. Fase honetan, sailkatutako zortzi taldeek fikziozko konpainiaren nazioarteratze plan bat aurkeztu behar izan zuten. Bihar parte hartuko dute finalean oraingoz hobekien balioetsitako bi taldeek, horien artean NUPeko ikasleak, eta Mexikoko ikasleen beste bost talderen aurka lehiatuko dira. Sortutako enpresa defendatu eta hartan inbertitzeko konbentzitu beharko dute epaimahaia, Iberia México, Grupo Modelo eta HP enpresetako goi karguez osatua dagoena.