“Energia nuklearra: mitoak eta errealitateak” da heldu den astelehenean, martxoaren 21ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo den mahai-inguruaren izenburua. Lau aditu eta ikertzailek gaiari buruzko hainbat ikuspegi azalduko dituzte: zentral nuklear bateko lana, segurtasuna, energia alternatiboak, edo energia nuklearrak mix energetikoan duen eginkizuna. Ikerketarako Errektoreordetzak antolatu du mahai-ingurua Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez. Arratsaldeko 16:30ean egingo da Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko Gradu Aretoan, Olibondoak eraikinean.
Energia nuklearra eta haren segurtasuna izango da Antonio Lumbreras Teknologia Elektronikoko katedradunak azalduko duen gaia. Izan ere, 15 urtez sei zentral nuklear baino gehiagotan jardundakoa da. Joaquín Sevilla irakaslea duen esperientzian oinarrituko da zentral bateko lanaz mintzatzeko; aldiz, Pedro Diéguez energia nuklearraz eta energia alternatiboez mintzatuko da. Azkenik, Alejandro Arizkunek bere ikuspegia emango du energia nuklearrak mix energetikoan duen eginkizunari buruz.
Saioaren moderatzailea izango da Javier Armentia zientzialari eta hedatzailea, Iruñeko Planetarioko zuzendaria dena. Hizlariek azalpena egingo dute eta, ondoren, eztabaidarako eta jendeak parte hartzeko denbora egongo da.
Antonio Lumbreras Azanza Nafarroako Unibertsitate Publikoan Unibertsitateko katedraduna da Teknologia Elektronikoan. Industria Ingeniari Doktore titulua atera zuen Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan 1973an. Honako zentral nuklear hauetan lan egin du: Almaraz I eta II, Ascó I eta II, Vandellós II, Central Nuclear José Cabrera, eta Thiange I eta II (Belgika). Izan ere, 1975etik 1990era instrumentazio eta kontrol ingeniari jardun zuen Westinghouse Nuclear Española enpresan, eta han Westinghousen ekipoen fabrikazioko jarraipenaren arduraduna eta instalatzeko eta abian jartzeko bezeroen aholkularitzarako arduraduna izan zen. Westinghousek egiten dituen ekipoen artean daude honako hauek: erreaktorea abiarazteko gailuak, erreaktorearen barra-kontrolaren sistemako kabina logikoa eta potentzia kabina, eta instrumentazio nuklearreko sistema, besteak beste. Kalifikazio sismikoarekin eta instrumentalizazio eta kontrol ekipoen ingurumen kalifikazioarekin lotutako lanak ere egin zituen, eta zentraletako mantentze elektrikoko eta instrumentalizazioko langileen prestakuntzaz ere arduratu zen. 1981etik 1991ra Unibertsitateko irakasle titularra izan zen Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan, Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan, eta 1991. urtetik Unibertsitateko katedraduna da NUPen.
Joaquín Sevilla Moróder Teknologia Elektronikoko irakasle titularra da NUPen, Fisika Zientzietan lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1986) eta doktorea Fisika Aplikatuan (1991) unibertsitate berean. Hiru urtez zentral nuklearretan lan egin zuen, Westinghouse Nuclear España enpresaren bidez. 1994. urtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu zen, non hainbat kudeaketa lanetan jardun baitu: Teknologia Berrietarako eta Hezkuntza Berrikuntzarako errektoreordea (1999-03) izan da, Ikerketa Batzordeko kide (1996-98) eta Argitalpen kontseiluko kide, Industria Ingeniaritza titulazioaren Kalitatea Ebaluatzeko Batzordeko kide eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleen nazioarteko mugikortasunerako Sokrates programaren koordinatzaile.
Alejandro Arizkun Cela Historia eta Erakunde Ekonomikoak arloan irakasle titularra da NUPen. Doktorea Ekonomia eta Enpresa Zientzietan, eta irakasle izan da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ikerketek industriaren historia ekonomikoaren eremua dute ardatz. Horrez gainera, beste alderdi hauek ere jorratu ditu: energia, garraioa eta aztarna ekologikoa Nafarroan. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Irakaskuntzarako eta Irakasleen Gaietarako errektoreordea izan zen (1991) eta baita Ekonomia Saileko zuzendaria ere.
Pedro Diéguez Elizondo irakasle titularra da NUPeko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Sailean, Makina eta Motore Termikoen arloan. Industria Ingeniaria da (Teknika Energetikoak espezialitatea) Bilboko Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan, eta Industria Ingeniari Doktorea EHUn. Hidrogeno Ikerketa Taldea zuzentzen du, izan ere 2001. urtetik Acciona Biocombustibles enpresak finantzatutako programa baten esparruan jarduten du, eta Taldeak hidrogenoaren teknologiekin lotuta egiten dituen ikerketak diruz laguntzen ditu. 1993. urtean irakasle titular izendatu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta instituzio berean zuzendaritza karguetan jardun du, esaterako Irakaskuntza Gaietarako Errektoreordetzan (2003) eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko Zuzendaritzan. Era berean, mahaikide izan zen Energia Berriztagarrien EHN Katedrako Kontseiluan.