Nafarroako Unibertsitate Publikoko Metodologia eta Ikerketa Taldeak parte hartzen du gaixo kroniko eta mendekoentzako telemedikuntza eta e-Osasuna zerbitzuak ezartzeko proiektu batean. Ikerketa talde honek aholkularitza soziologikoa emango du, gaixoen eta zaindarien gogobetetze galdetegiak prestatuko ditu eta beharren katalogo bat sortuko du, hainbat kolektibori begira.
Proiektua Nafarroako Gune Mediko Teknologikoak sustatu du, eta izena du “Etxez etxeko ospitaleratzea eta gaixotasun arraroak Nafarroan. Etxez etxeko laguntzaren ebaluazioa eta balio erantsia duten e-Osasun zerbitzuak identifikatzea”. Sareko plataforma batean sartzen da. Plataforma hori Carlos III Osasun Institutuko Telemedikuntza eta e-Osasun unitateak sustatzen du, eta hartan parte hartzen dute, Nafarroarekin batera, beste bost erkidego autonomok. Proiektuaren helburu nagusia da e-Osasuneko eta telemedikuntza mugikor pertsonaleko irtenbideak bultzatzea osasun laguntzako eredu berrietarako, gaixo kronikoei, gaixotasun arraroei eta mendekoei begira.
Nafarroan prestatuko den azterlana arlotan banatzen da. Lehenaren aztergaia izango da etxez etxeko laguntza, denbora labur batean eta konplexutasun handiko gaixo kronikoei zuzendua. Helburua izango da ohiko ospitaleratzea eta etxez etxekoa alderatzea, eragimena eta gogobetetasuna ebaluatzeko, bai eta beharrak eta irtenbide teknologiko berriak ere.
Bigarrenean aztergaia oinarrizko laguntza zerbitzuak izango dira, epe luzerako tratamenduko eta mendekotasun mailaren bateko gaixotasun arraroa duten gaixo kronikoen kasuan. Fase honetan, azterlanaren xedea da beharren mapa bat eratzea, gaiotasun motaren arabera, zaindariaren profila ezagutzea eta azaltzen diren beharrei erantzuteko aukerak atzematea.
Aholkularitza soziologikoa
NUPeko Metodologia eta Ikerketa Taldearen lanak honako hauek izango dira: aholkularitza soziologikoa, landa-lana, kualitatiboa eta kuantitatiboa, datuen tratamendua eta ondoko analisia. Taldea osatzen dutenak Bernabé Sarabia Soziologiako katedraduna eta Carlos Vilches eta Ricardo Feliú NUPeko Soziologiako irakasleak dira.
Taldeak prestatu eta balidatu egingo ditu gaixoen eta zaindarien gogobetetasun galdetegiak, egin beharreko elkarrizketak, galdetegien estatistika-tratamendu espezializatua eta ondorioak, proiektuaren helburuen araberako esku-hartze bat ahalbidetzeko.
NUPeko taldeak proiektuan duen lankidetzaren beste une garrantzitsu bat izango da gaixotasun arraroak dituzten gaixoen azpitalde batzuen beharren katalogo bat prestatzea. Horretarako “ad hoc" praktika kualitatiboak egingo dira (foku-taldeak, elkarrizketa sakonak eta bizitza historiak) eta gero inkesta egingo zaie gaixoei eta zaindariei.
Dagokion landa-lana zuzendu ondoren eta emaitzen azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa eginda, NUPeko soziologoek ondorioak prestatuko dituzte. Horietan oinarrituta ebaluatuko dira gaixotasun arraroak dituzten gaixoen zaindari informalen gehiegizko zamaren pertzepzio subjetiboa eta arrisku psikosozialak, haien ondoezaren maila baldintzatzen duten faktoreak definituko dira, eta era berean horretarako irtenbide partzial edo osoak, oinarri teknologikoa duten produktu edo zerbitzuen bidez.