Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Juan Gallego, Marta Vera, Javier Casalí y Jesús Arrondo

Ezkerretik eskuinera, Juan Gallego, Marta Vera, Javier Casalí y Jesús Arrondo

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitate-Gizarte Fundazioak gaur, ostirala, martxoak 11, aurkeztu du Tituludunek Praktikak egiteko Prestakuntza Programa berri bat. Programa horren berritasun nagusia da gaitasunak balioesteko tresna bat, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberarekin lankidetzan garatua. Tresna honen helburua da unibertsitateko tituludunek beren gaitasunak ezagutzea enpresan beren prestakuntza-aldia hasi baino lehen, eta horrek beren profil profesionala hobetzeko aukera emango die praktikak egiten dituztenean.

Prentsaurrekoan eman dute programaren berri Javier Casalí NUPeko Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak, Marta Vera Nafarroako Ganberako kudeatzaileak, Jesús Arrondo Unibertsitate Gizarte Fundazioko kudeatzaileak eta Juan Gallego Fundazioko Enplegu Arloaren arduradunak.

NUPen Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Tituludunek Praktikak egiteko Prestakuntza Programaren helburua da tituludun berriei laneratzen laguntzea enpresa batean prestakuntza-egonaldi bat eginez. Finean, gazte hauen gaitasun eta trebetasun profesionalak hobetu nahi ditu, unibertsitatean lortutako prestakuntza, prestakuntza praktikoarekin eta esperientziarekin osatzeaz gainera.

Praktika bakoitzaren hasieran, tituludunaren gaitasunak aztertuko dira, eta, Fundazioaren orientazio talde baten laguntzarekin, prestakuntza-ibilbide pertsonalizatu bat prestatuko da. Ibilbide honek jasoko ditu bai tutoretza edo esperientzia prestakuntza, bai Unibertsitateko nahitaezko eskola-prestakuntza, eta, beharrezkoa bada, enpresakoa. Horretaz gainera, enpresaren tutoreek jarduerak proposatuko dituzte praktika-aldian, programa honetan parte hartzen duten pertsonen profil profesionala hobetzeko.

19 gaitasunen autoebaluazioa

Praktika-aldia hasi baino lehen egingo dute autoebaluazioa tituludunek, eta aipatu autoebaluazioan 19 gaitasun aztertuko dira osotara. Horretaz gainera, beste pertsona batzuk gonbidatzeko aukera izango da tituluduna ebaluatzeko. Bestalde, orientatzaile talde bat arduratuko da praktiken tutoretza egiteaz, unibertsitateko tituludunek kontzientzia har dezaten zein gaitasun hobetu behar dituzten eta zein sendotu. Diagnostiko honetan oinarrituta, esperientziaren eremuko prestakuntza plan bat prestatuko da praktikan.

Autoebaluazio berri batek osatuko du programa. Praktika amaitzean egingo da, eta enpresen tutoreak emandako datuak erantsiko zaizkio. Horri esker neurtuko da gaitasunetan zein neurritan egin den aurrera praktikak egitean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitate Gizarte Fundazioak enpresetan milaren bat praktika kudeatzen ditu urtero, eta praktika horien erdiak unibertsitateko tituludunenak dira. Praktika hauetan parte hartzen duten tituludunen % 50 laneratzen da.