Nafarroako Unibertsitate Publikoak Guillermo Llobet gazte madrildarraren argazkien erakusketa bat inauguratu du gaur, martxoaren 1ean. Egileak bere hiriko behartsuak erretratatu ditu, metakrilatozko kabina baten barruan. Erakusketa apirilaren 30era arte egongo da irekita, Sario eraikineko atondoan.
Lana, "Serie 1" izenburukoa, formatu handiko 15 argazkik osatzen dute. Haien arteko lotura kristalezko kabina bat da, bakardadearen metafora eta egileak gizakiaren egoera saihestezin gisa aurkezten duena.
Llobetek metakrilatozko kabina bat egin zuen eta Madrilgo zenbait tokitan paratu zuen, eta zazpi urtetan zehar kabinaren barruan hiriburuko kaleetan bizi diren etxegabeetako asko sartu zituen.
Llobetek bakardade unibertsala hilezkortzen du, arrotz izatearen betiko sentsazio hori, mundu honetan bizi den orok izaten duena. Eta gauez egin du, Madrilgo edozein kantoi huts eta ilunetan. Fantasiazko eszenaratze horretan, non geure esistentzian atzerritar bihurtzeko ideia gauzatzen baita, Madrilgo argazkilari eta diseinatzailea saiatzen da gure destino komunaren aurrean baieztapen sentimenduak erretratatzen, are destino hori gainditzeko sentimenduak ere.
Irudi sail honen protagonistak deigarriak dira, haien ezaugarri fisikoak, adierazgarritasuna edo begirada optimistak direla eta. Egileak ilun-argia erabiltzen du, kabinei bolumena emateko eta bertan sartutakoen ezaugarri deigarrienak nabarmentzeko.