Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere erakustokia du Europako Prestakuntzaren Aretoan. Aretoa gaur goizean inauguratu da Baluarten eta bertan, unibertsitateek, enpresek eta instituzioek haien irakaskuntza-eskaintza aurkeztuko diete nafar gazteei. Aretoa bihar arte egongo da zabalik, goizeko 9:00etatik 14:30era eta arratsaldeko 16:30etik 19:30era.
NUPek heldu den 2011-12 ikasturtetik aurrera emateko asmoa duen Europako Unibertsitate Eremura egokitutako titulazio berrien (graduak eta graduondoak) berri ematen du Areto honetan. Unibertsitateak, heldu den ikasturtetik aurrera, guztira 16 gradu eta 31 master ofizial emango dituela aurreikusten du. Horrekin batera, erakustokira agertzen direnei informazioa emango zaie Unibertsitatean diren zerbitzuei, kirol instalazioei, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiari edo ikasleen egoitzari buruz.
Unibertsitateekin eta lanbide heziketako ikastetxeekin batera, beren eskaintza aurkezten dute hizkuntza akademiek, goi mailako ikasketen eskolek, negozio, marketing eta diseinu eskolek eta bestelako prestakuntza zentroek. Prestakuntza eskaintza guztia hartu nahi da: gazteek beren prestakuntza ibilbidea erabaki behar dutenetik hasita, lan mundura sartzen diren unera arte.
Nafarroa osoko ia 40 ikastetxetako 2.000 ikasletik gora baieztatu dute topaketa honetara etorriko direla. Azken lau edizioetan 40.000 bisitari izan dira hezkuntza eskaintzari buruzko orientazioa bilatzen duten gazteen, gurasoen eta irakasleen artean.