Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Jardueren Atalak Irakurketa Klubaren bigarren edizioan matrikula egiteko epea ireki du. Irakurketa Kluba urtarriletik maiatzera bitartean egingo da, eta Joseph Conrad, Philippe Claudel, Chinua Achebe eta Yoko Ogawa idazleen lanak aztertuko dira. Bigarren edizio honetan, 15 ikaspostu daude, eta unibertsitate komunitateko kideei eta NUPeko ikasle ohiei zuzendurik dago. Parte hartzen duten ikasleek hautaketa libreko bi kreditu eskuratuko dituzte diplomatura edo lizentziatura ikasketak egiten ari badira, eta aukerako kreditu bat, graduko ikasleak badira.
Inskripzioa Kultura Jardueren Atalean egin daiteke. Atal hori Ikasgelategiko 019. ikasgelan dago, eta klubari buruzko informazioa www1.unavarra.es/cultura helbidean kontsulta daiteke.
Begoña Espoz Gonzálezek koordinatuko du Irakurketa Kluba, eta urtarrilaren 30ean hasiko da aurkezpen bat eginez izena eman dutenei lan egiteko modua zein izango den azaltzeko. Gero, lau saio egingo dira, eta horietan liburu bana aztertuko da.
Joseph Conraden “Ilunbeen bihotzean” da aukeratu duen lehen irakurketa. Eleberrian, Charlie Marlow izeneko marinel batek kontatzen du urte batzuk lehenago, Congoko boli ustiategi bateko burua zen Kurtz jaunaren bila, Congo ibaian egin zuen ibilaldi bat. Bidean, europar kolonoek bizi duten muturreko egoeraren lekuko izango da Marlow, bertako afrikarrei jasanarazten dizkieten basakerien lekuko, eta era guztietako oztopoak gainditu beharko ditu (atzerapenak, eritasunak, indigenen erasoak...), bere helmugara iritsi arte. Kurtzekin topo egiten duenean, prozesuan zehar haren irudia handitzen eta mito bihurtzen joan eta gero, konturatzen da pertsonaia misteriotsua dela, bertakoek jainkoa bailitzan gurtzen dutena. Marlowek afrikar kontinentearen bihotzera eginiko bidaia infernurako jaitsiera bihurtzen da, baina mendebaldearen inperialismoaren kritika eta zoramenaren inguruko ikerketa ere bai.
Chinua Acheberen “Dena gainbehera dator” da bigarren liburuaren izenburua. Chinua Achebe nigeriar idazlea da eta jatorrizko kultura baten oinarriak berriz osatzen saiatzen ari da, hain zuzen gizon zuria Nigeriara iritsi baino lehen zegoen kultura bat, afrikarrek bistatik galdu dutena eta betiko galtzeko zorian daudena. Beren benetako sustraiak berriz aurkitzeko aukera eskaintzen dio Chinua Achebek bere jendeari, zein diren eta nondik datozen uler dezaten, eta, alde horretatik, bere literatura lanak aukera bikaina ematen du beste kultura batean murgildu eta gizakien izaera gehiago ulertzeko.
Hirugarren liburua benetako gertakari soziala izan zen Japonian aurreko hamarkadaren erdialdera, eta nazioartean ospea eman zion Yoko Ogawa idazleari. “Irakaslearen formula gogokoena” liburuak matematikarekiko interes handia sorrarazi zuen, eta lan horretan kontatzen da auto istripuan oroimena galdu zuen adineko matematika irakasle muker baten etxean laguntzaile-lanetan hasi den ama ezkongabe baten istorioa. Zenbakiekiko zaletasun handia duen irakasle horrek, gero eta gustukoago izango ditu laguntzailea eta haren 10 urteko semea –beisbolarekiko zaletasuna partekatzen du mutilarekin–, halako moldez non benetako maitasun eta adiskidetasun istorio bat, bai eta ezagutza bestetaratzeko istorioa ere, sortuko baita beraien artean.
Philippe Claudelen “Brodeck txostena” da Irakurketa Klubean aztertuko den azken liburuaren izenburua. Idazle frantsesa Bigarren Mundu Gerraz baliatzen da azaltzen saiatzeko giza izaeraren zein mekanismo bitxiren bidez izaten dituzten gizakiek muturreko egoeretan jarrera ezin pentsatuzkoak, basatiak, lotsagarriak edo koldarrak. Helburu horrekin, mendietan galdutako herri txiki batean garatzen du argumentua. Gerra bukatu eta urtebete geroago, ezusteko gertakari bat jazoko da bertan: Herriko atzerritar bakarra, Der Anderer deitzen dutena —Bestea, alemanieraz—, erail dute ostatuan eta inork ere ez du hitz egin nahi krimenari buruz.