Nekazaritzaren eremuan gertatzen diren heriotza gehienak nekazaritzako makinen erabilerarekin lotzen dira, eta kasuetako % 70,1 iraultzearen ondorioz gertatzen dira. Hauxe da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko hainbat ikertzailek Revista Española de Investigaciones Agrícolas aldizkarian argitaratutako azterlanaren ondorioetako bat. Azterlanaren helburua zen nekazaritzan hildakoak izaten diren istripuen datu ofizialak eta datu errealak alderatzea, eta horiekin lotutako arrisku nagusiak zehaztea.
Ikerketaren arduraduna den Carmen Jarén Ceballos irakasleak azaltzen duenez, Espainian 2004 eta 2008 urteen artean hildakoak izan dituzten istripuen % 61,85 bakarrik izan dira istripu ofizial. “Jende askok jarduten du nekazaritzaren sektorean jarduera sekundario gisa, edo erretiratuta egonik ere lanean jarduten dute. Ondorioz, istripua edukiz gero, ez dira heriotza sorrarazi duten lan istripuen estatistiketan sartzen”.
Ikertzaileek Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren datuak alderatu zituzten beraiek zeuzkaten datuekin (tokiko eta nazioko aldizkarietan argitaratutako informazioetatik bildutakoak), eta ikusi zuten traktoreen erabilerarekin lotuta heriotza eragin zuten 388 istripu gertatu zirela, eta ofizialki 240 zeudela erregistratuak. 272 heriotza (% 70,1) traktorea iraultzearen ondorioz gertatu ziren eta horietako bat bakarrik gertatu zen babeserako egitura homologatua zeukan traktore batean.
Iraulketa gehienak errepideetan eta bideetan zehar gertatu ziren, nahiz eta malda pikoak eta zuloak ere arrisku faktore handia izan. Hamaika arrisku faktore zehaztu dira, eta egiaztatu da istripu bat gertatzeko gutxienez arrisku faktoreetako bi beharrezkoak direla, istripu gehienetan hiru arrisku faktore edo gehiago gertatzen badira ere. “Istripu guztiak saihets daitezke, faktoreak ezagutu egiten direlako, eta ondorioz, beharrezko neurriak har daitezkeelako, eta gainera, arrisku faktore horietako bat baino gehiago izan behar delako aldi berean. Baldintza horiekin, gerta daiteke faktore horietako bat edukitzea, baina zailagoa da aldi berean bi edo gehiago edukitzea”, azaltzen da azterlanean.
Traktorearen iraulketaren ondotik, heriotzak sorrarazten dituen bigarren kausa, maniobratzean hartzen diren kolpeen ondorioz gertatzen da (% 10,82, 42 hildako). Horrek agerian uzten du kontu handienarekin ibili behar dela maniobrak egitean, eta gidariaren eta traktorearen inguruan dabiltzanen segurtasuna kontuan hartu behar dela beti.
Hirugarrenik, trafikoa da beste arrisku faktoreetako bat, aztertutako kasuen % 7,47an (29 heriotza) dagoena.
Larunbatak eta lanegunak
Aztertutako bost urteetan istripu kopuruak ez du behera egin. Udan (ekainean) eta udaberrian, hurrenkera horretan, gertatzen dira istripu gehienak. Aldiz, azaroan eta abenduan gertatzen dira istripu gutxien. Asteko egunari dagokionez, heriotza eragin duten istripuen kopurua antzekoa da astegunetan zehar (% 13,4tik 16,4ra), baina deigarria da larunbatetan ere istripu kopuru berdintsua gertatzen dela (% 15,4), eta azterlanean datu hori egozten zaie lanaldi partzialean jarduten duten nekazari kopuru handiari eta nekazaritza lanaldi nagusitzat ez duten horiei, eta ondorioz, asteburuetan nekazaritza lanak egiten dituztenei.
Arrisku faktoreei dagokienez, traktorean babes egitura homologatuak ez edukitzea da lehen faktorea (271 kasu); ondoren, traktorearen gidariaren adina (186), eta hirugarrena, lanean bakarrik jardutea (178). Aztertu diren beste arrisku faktore batzuk honako hauek dira: bide ertzak, erretenak, oztopoak, maldak, konponketa lanak, erorketak, kolpeak edo maniobra desegokiak, etab.
Adinaren araberako heriotza kopuruaren banaketari dagokionez, % 44,59, 65 urtez gorakoa zen, eta jarraian 55 eta 64 urte bitartekoa (% 20,8). Ehunekoa goraka doa adinarekin batera; izan ere, 16 eta 19 urte bitartekoen % 1,54 heriotza erregistratu dira; ehuneko bera 20 eta 24 urte bitartekoen artean, eta % 5,67 25 eta 34 urte bitartekoen artean. Hala ere, azpimarratzen da “haurren heriotza eragiten duten istripuen arrisku handia ere badagoela”, eta 16 urtetik beherako 9 heriotza (% 2,32) zenbatu dira.
“Nekazaritzan heriotza eragiten duten istripuen arrisku faktoreen ebaluazioa” izeneko lana Jesús Mangado Ederraren eta José Ramón Alfaroren doktoretza tesietan eta Unibertsitateak Nafarroako Lan Osasuneko Institutuarentzat eta Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioarentzat egindako bi lanetan oinarritu da. “Spanish Journal of Agriculture Research” aldizkarian argitaratu da artikulua, eta I. Arana, J. Mangado, P. Arnal, S. Arazuri, J.R. Alfaro eta C. Jarén ikertzaileek sinatu dute.