Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmen bat sinatu du Hunan College of Foreing Studies (Txina) unibertsitatearekin, bi erakundeen artean ikasle eta irakasleak trukatzeko. Hitzarmena atzo sinatu zuten Alfonso Carlosena Ikerketarako errektoreordeak, errektorea ordezkatuz, eta Liu Guoxian txinatar ikastegiko zuzendariak.
Truke programa horretan graduko eta graduondoko ikasleak ere sartuko dira, eta unibertsitate bakoitzak hiru ikasle bidali ahal izango ditu urte oso baterako. Hitzarmenaren oinarria elkarrekikotasun-printzipioa da. Horren arabera bilatuko da trukean unibertsitate bakoitzak ikasle kopuru bera edukitzea.
Hitzarmen hau esparru zabalago batean sartzen da, bi erakundeen arteko harremanetarako. Haren definizioa dakarren ulermen-memoranduma, halaber, atzo sinatu zuten Alfonso Carlosenak eta Liu Guoxianek. Helburu nagusia du bi alderdien artean kultura, hezkuntza eta teknika arloetan lankidetza eta trukea sustatzea.
Lankidetza ondoko jardueretatik edozeinetan izan daiteke: Ikerketa eta argitalpena lankidetzan, bi unibertsitateetako administrari, teknikari eta irakasleen bisitak, ikasleen ikastaroen koordinazioa, irakaskuntzako materialen trukea, hitzaldiak, mintegiak eta irakaskuntzako bestelako bilerak antolatzea elkarrekin, ikastaroak eta programak elkarrekin prestatu eta aurkezteko moduak.
Memorandumaren iraupena 5 urtekoa da. Egingo diren proiektu berariazkoak eta haiek kudeatzeko xehetasunak zehaztuko dira bi unibertsitateetako ordezkariek sinatuko dituzten adendetan.
Hunan College for Foreign Studies izenekoa Hunan probintziako Chansha izeneko hiriburuan dago. Herrialde hori, arroz soroak eta mehatzeak dituena, Txinako erdi-hegoaldean dago, eta ezaguna da, besteak beste, Mao Zedong bertan jaio zelako. Probintziak 210.000 kilometro karratu ditu, eta 70 miliotik gora biztanle. Hiriburuak 6,5 miliotik gora biztanle ditu.