Joan eduki nagusira

zoom Erakusketan Jaume Vicens Vivesen bizitza eta lana erakusten dira

Erakusketan Jaume Vicens Vivesen bizitza eta lana erakusten dira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Historia Ekonomikoaren Espainiako Elkartea eta Gerónimo de Uztáriz Institutua dira “Jaume Vicens Vivesen bizitza eta lana” erakusketaren antolatzaileak. Erakusketa Kondestablearen Jauregian egongo da urtarrilaren 10etik 31ra, eta bertan historiografia modernoaren aitatzat hartzen den historialari katalandar honek egindako lana ikusi ahalko da.

Erakusketa hau Vicens Vivesen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programatutako jardueren artean kokatzen da eta urtarril honetan Kondestablearen Jauregian eskainiko diren hitzaldi ziklo batekin osatzen da, hura omentzeko eta beraren berri jende guztiari emateko xedez.

Editorial Vicens Vives argitaletxearen babesa eta Iruñeko Udalaren lankidetza dituen erakusketa honetan Vicens Vivesen mugarri profesional eta pertsonal nagusiak ezagutzera ematen dira; izan ere, Europan boladan zeuden metodo berriak erabili zituen, saiakera interpretatiboa egin zuen, politikoki engaiatu zen, eta historialarien eskola emankorra sortu zuen.

Vicens Vives (1910-1960) intelektual konprometitua izan zen. Historia Modernoan katedraduna izan zen Bartzelonako Unibertsitatean 1940. urtetik, eta espainiar historiografiaren berritzaile gisa jardun zuen 1950. urteetan, metodo eta ikuspegi berriak sartu baitzituen, Europan ekonomiari, demografiari, gizarteari eta politika garaikideari begira jartzen ari zen diziplinan.

Enpresari gisa, geografiaren eta historiaren didaktika berritu zituen, argitalpen talde bat fundatu zuen, hainbat ikasle belaunaldiren prestakuntzan lagundu duena. Círculo de Economía taldearen fundatzailea ere izan zen, eta diktaduraren aurka demokraziaren itzulera sustatzen saiatzen zirenekin politikoki konprometitua egon zen.

Goiz hil bazen ere, berak utzitako ondareak bizirik iraun du gaurdaino. 2010. urtean, hil zela mende erdia igaro ondoren, bere lana ezagutzera eman nahi izan dute bai Conferencia Española de Sociedades Científicas taldeak bai ikerketan jarduten duten hainbat elkarte publiko zein pribatuk.

Erakusketa ikusteko ordutegia goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara da. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeentzako bisita gidatuak adosteko aukera badago, 655 751 327 telefono zenbakiaren bidez eskaera eginda.

Hitzaldi zikloa

Editorial Vicens Vives argitaletxearen babesa eta Iruñeko Udalaren lankidetza dituen erakusketa hau honako hitzaldi ziklo honekin osatzen da: “Politika, ekonomia eta kultura 50. urteetako Espainian”. Urtarrileko datozen asteazkenetan emango dira hitzaldiak arratsaldeko 19:30ean Kondestablearen Jauregiaren VIII. Aretoan.

Zehazki, Borja de Riquer, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko kideak, hilaren 12an, “Jaume Vicens Vives, intelektual engaiatua berrogeita hamarreko hamarkadako Espainian” izenburuko hitzaldia emango du; hilaren 19an, Jordi Gracia, Bartzelonako Unibertsitateko kidea, “Espainiar intelektualak hazitoki izan zen bidegurutzean: 1952-1956” gaiaz mintzatuko da. Urtarrilaren 26an Joseba De la Torre Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak zikloa itxiko du “Ekonomia alfer-lurrean? Kapitalismo espainiarraren itzulera merkatura” izeneko hitzaldiarekin.