Susana Aparicio Rosillo historialariak eta NUPeko José María Lacarra ikerketa-taldeko kideak bere doktoretza tesian aztertu du noblezia taldeen arteko harremanen egoera korapilatsua XII. mendean, Pirinioak eta Aturri ibaia arteko lurraldean. “Aldi honek hartzen du Bortuez bestaldean Nafarroaren Agintea benetan ezartzen denetik, alegia, XII. mendetik, Evreuxkoak 1328an Nafarroako Tronura iritsi arte izan zen denbora. Hain zuzen ere, gertakari hori izango da lurralde horretan horrenbesteko garrantzia izan zuen Ehun Urteetako Gerraren atarikoa”.
Eloísa Ramírez Vaquero Erdi Aroko Historiako katedradunak eta NUPeko Geografia eta Historia Sailaren zuzendariak zuzendu du haren ikerketa, “Navarra en la política de Gascuña. Análisis del complejo panorama nobiliario. Sus métodos de pervivencia y adaptación”, eta Bikain cum laude kalifikazioa eta Europako Doktoretza Aipamena erdietsi ditu.
Zehazki, tesiak argitu nahi ditu zer nola iraun zuten boterean eta nola egokitu ziren nobleziaren ordezkariak garrantzi geoestrategiko handia zuen lurralde batean, non Ingalaterra, Frantzia eta Nafarroako monarken interes elkarren aurkakoak eta gaztelarren eta biarnotarren helburuak baitzeuden jokoan.
Noblezia taldeen buru ziren goi nobleziako familiak. Erresuma guztietako kantzelergoek aintzat hartu zuten familia haiek zuten garrantzia, haien atxikipen politikoa gorabehera. “Monarkek familia hauekin negoziatu zuten eta behin eta berriz saiatu ziren haiekin aliantza iraunkorrak egiten. Hala egin zuten, esaterako, Nafarroako Monarkek Bortuez bestaldean edo Alfontso X.ak Biarnoko Gastonekin, esaten du ikerketaren egileak. Aldi berean, noble hauek beren mailaz baliatu ziren leialtasunak nahierara aldatzeko, beti onuraren bat lortzera bideratuak.
Biarnoko eta Commingeseko bizkondeek, Armagnaceko kondeek eta Albret eta Foixeko jaunak haien artean zeuden. Talde hau ez zen oso handia, baina lurraldearen gainean zuen boterea erakusten zuen bere ondarearen bidez, eskualdez gaindi zuen eraginaren bidez eta bere harreman-sareen garrantziaren bidez. “Gaskoniako noble handiki hauek eragin handia zuten, eta beren ekintzek monarken beraien jarduna baldintzatzen zuten kasu batzuetan. Halaber, beren ahaidetasun-sareek aise gainditzen zuten eskualderen esparrua, eta ahaidetasun harremanak egiten zituzten maila bereko edo handiagoko familiekin, lurraldean zuten garrantzia handitzera bideratuak beti".
Noblezia txiki eta ertaina
Bigarren multzo batean zeuden noblezia txiki eta ertaina, izaera militarra zutenak erabat. “Horiek zeuden eremuetan, lurraldeak eztanda egin eta jaurerri txikitan banatu zen, eta toki horiek oso ezegonkorrak ziren eta administrazio ingelesarentzat eta Nafarroarentzat oso zailak kontrolatzeko, mandatari, arbitraje, errege desjabetzapen eta itunei egiten zaizkien etengabeko aipamenek ederki frogatzen dutenez.
Alabaina, familia-sare mugatuak eta halaber tokian tokira mugatutako garrantzia izan arren, Susana Apariciok aipatzen du talde hauek “izan zirela administrazio nafarrak eta ingelesak zuten boterearen eragileak bi arrazoirengatik: haien orientabidea, karrera militarrera bideratua —errege-armadetan sartzen ziren, bizi bitarteko errentak lortzeko—, eta pixkana-pixkana garrantzi ezberdineko karguak betetzen hasi zirela errege-administrazioaren egituran, “eskualdeko jarduera-esparrutik harago, esaterako Nafarroa penintsularrean”.
Talde horretako kide ziren hainbat pertsonaia, hala nola Mauleko jaunak, Hazparneko Saultdarrak edo Agramonteko jaunak, garrantzi handia zutenak, baina baita ere garrantzi txikiagoa zuten Ezpeleta, Atharratze edo Beltzuntzeko jaunak ere bai. “Are maila baxuenean aurki ditzakegu landa parrokietako jaun txikiak ere, azpiegitura gutxi zituztenak, hala nola Hortzako Naguiturritarrak, besteak bezala erregeren zerbitzura aberasten saiatzen zirenak”.
Ezaugarri nagusiak
Laburbiltzeko, Susana Apariciok ideia hauek nabarmentzen ditu. Lehenik eta behin, “noblezia taldeen egoera politiko korapilatsuak, Kristautasuneko koroa nagusien artean baitaude, erabat baldintzatzen ditu” talde horien jokabideak eta haiek ehundutako sareak. Izan ere, talde sozial kohesionatu gisa definitzen dira une jakin batzuetan bakarrik: kanpoko mehatxuen edo monarken eskakizunen aurrean, hala nola ohiz kanpoko zergak eskatzen dituztenean”.
Bigarrenik, ezkontza politiken eta aliantzen harreman sareak zaintzen zituzten: ez dago familia-harremanik Bortuez bestaldeko noblezia taldeen eta Nafarroako nobleziaren artean, inguruan dauden Lapurdiko lurraldeetako familiekin ahaidetzeko zalantzarik egiten ez badute ere. Familia horiek atxikipen politiko ezberdina zuten, baina beren harreman-sareen eredutik eta lurralde-interesetatik hurbilago zeuden. "Horretaz gainera, nabarmentzekoa da inguruko kokapen erlijioso batzuen zaintza-lanak noble handikientzat zeukan garrantzia, lurraldearen kontrol handiagoa lortzeko”.
Monarkaren zerbitzuan aritzea ere garrantzi handikoa zen, bai faktore militar hutsagatik eta bai lurraldearen kudeaketa-organoetan gero eta sarriago betetzen zituzten postuengatik ere.
Azkenik, egilearen ustean, kargu hauetarako mugarri da Champagneko Etxearen etorrera (XIII. mendearen hasieran), eta batez ere Nabarreriako Gerra (1276), “Pirinioz bestaldeko familiek Nafarroan pixkanaka nagusitza lortzeko abiapuntua baita”. Hala, gero eta zeresan handiagoa izan zuten Nafarroako erabakiguneetan, eta Nafarroa penintsularreko nobleziaren nolabaiteko berrikuntzaren eragileak izan ziren”.
Susana Aparicio Historian eta Kultura Ondarean lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta Historiako doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoan lortu du. Unibertsitate honetan, José María Lacarra ikerketa-taldeko kidea da. Egonaldiak egin ditu leku hauetan: Université de Pau et des Pays del Adour eta Laboratoire de Médiévistique Occidentale de Paris, Université Paris I-Sorbonne. Sei argitalpenen egile-kidea da, eta hizlari gonbidatua izan da nazioko eta nazioarteko hainbat biltzar eta mintegitan. Halaber, kultura-ondarea kudeatzeko eta lantzeko proiektuetan lan egin du, bai eta Gipuzkoako hainbat arkeologia-indusketatan ere.