Nafarroako Unibertsitate Publikoko 1.874 ikaslek parte hartu dute beren irakasleen irakaslana ebaluatzeko inkesta batean, 2010-11 ikasturteko lehen lauhilekoan edo seihilekoan. Inkesta anonimoa da, eta bere helburua da Unibertsitateak nahikoa informazio biltzea eskaintzen duen irakaskuntzaren kalitateari buruz, gero hobekuntzak egiteko. Horretaz gainera, inkesta hauen emaitzak aintzat hartzen dira NUPeko irakasle eta ikertzaileen jarduera ebaluatzeko prozesuan.
Urte honetan parte-hartzaile kopurua sekulako handiena izanda inkesta Unibertsitatearen webgunearen bidez modu telematikoan egiten denetik. Inkesta borondatezkoa da eta NUPeko webgunean dagoen Ikasleen Ataria erabiliz erantzuten da. Horretara sartzeko ikasle bakoitzak bere sarrera-gakoa dauka. Sistema honek duen abantaila da askoz ere azkarragoa eta ekonomikoagoa dela, eta ikasleek egin ditzaketen iradokizunak eta iruzkinak zuzenean igortzen zaizkiola irakasleari.
Inkesta hauetako parte-hartzaileek zenbait atali erantzuten diete hainbat galderaren bidez, zeinetan irakasleak emandako irakaskuntzaren plangintza, garapena eta emaitzak aztertzen baitira. Hori guztia gogobetetasun orokorrari buruzko galdera batekin eta iradokizunen atal batekin osatzen da. Oraingo honetan, Graduko eta lehen eta bigarren zikloko (diplomaturak eta lizentziaturak) titulazioetako lauhileko eta seihileko irakasgaietako ikasleak dira parte-hartzaileak. Inkesta honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak modu berezian neurtu du ikasleek irakasgaia nola atzematen duten, bai plangintzaren eta garapenaren alderdiei dagokienez bai emaitzei dagokienez.
Ikasturteko eskolak amaitzean, eta bigarren lauhilekoari edo seihilekoari, urteko irakasgaiei eta masterrei dagokien bigarren txanda egin ondoren, izaten dute emaitzen berri irakasleek. Irakasle bakoitzak erdietsitako emaitzak sail eta titulazio bakoitzak osotasunean erdietsitako emaitzekin alderatzen ditu Unibertsitateak. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzak, ematen duen irakaskuntzaren ebaluazio bikaina lortzeko, emaitza positiboa lortu behar duela ikasleei egindako gogobetetasun inkestan.
‘Netbook’ bat zozketatu da ikasleen artean
Nafarroako Unibertsitate Publikoak kanpaina bat abiarazi du ikasleen parte-hartzea sustatzeko, eta astebeteko epea eman zaie inkestari erantzuteko. Hala, mezuak igorri zitzaizkien sakelakora eta posta elektronikora, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz; irakasleek inkesta honen berri eman zuten klasean, eta ikasleei informatika gelak utzi zitzaizkien inkestei erantzun ahal izateko. Horretaz gainera, Unibertsitateak ordenagailu eramangarri txiki bat, “netbook” izenaz ezagutzen dena, zozketatu du parte-hartzaileen artean. Jon Donalisio Artieda, Industria Teknologiako Ingeniaritza Graduko lehen ikasmailako ikaslea, izan da irabazlea. María José Asiáin Unibertsitateko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak eta José Antonio Moler Irakasleen Arloko zuzendariak parte hartu duten ekitaldi batean jaso du netbook-a Jon Donalisiok.