Gaztelaniazko modalitatean Carlos Repáraz, Nerea Sabalza, Adriana Rodrigo eta Maitane Sánchezek osatutako taldea eta euskarazko modalitatean Iñigo Lozano, Aitor Madoz, Ander Elkano, Markel Garde eta Gorka Chocarrok osatutako taldea izan dira txapeldunak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko Eztabaidan Ligan. Irakasletza, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua Graduetako lehen ikasmailako 400 ikasle inguruk parte hartu dute Eztabaida Ligan. Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuren Aretoan jokatu dira proba honetako finalak, eta Elena Torres Foru Ganberaren lehendakaria eta Camino Osle Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea izan dira bertan, beste agintari batzuen artean.
Ikasleek gai honi buruz eztabaidatu dute: “Lanaldi jarraitua edo lanaldi zatitua Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan?” Jarduera hau egiten da Hezkuntza Erakundeak irakasgaiaren barruan. Aipatu irakasgaia titulazio horietako lehen ikasmailan ematen da, eta haren helburua da ikasleek ezagut dezatela lanaldiaren eta eskola orduen oinarri teorikoa, eta ikus dezatela eskolan ematen duten denbora antolatzeko eta erabakiak hartzeko aldagai gisa. Ikasleek Eztabaida Ligan egindako lana irakasgaiaren ebaluazioaren barruan sartzen da.
Gaztelaniazko modalitatean irabazi duen taldeak Sonia González, Laura Jaca, Carolina Jaurrieta, Amaya Jaerño, Marina Jaurrieta, Javier Jarauta eta Raúl Jauquicoak osatutako taldeari irabazio dio, eta bigarren tokian geratu den euskarazko taldearen kideak Ainhoa Enériz, Jon Azcue, Mikel Colomo, Aitor Etxarri eta Irati Galán dira.
Ez da lehenbiziko aldia gisa honetako lehiaketa jokatzen dena. Joan den maiatzean Eztabaida Liga egin zen Haur Hezkuntzako Irakasle eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduetan (gaztelaniaz eta euskaraz). Ikasturte honetan, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak ematen dituen beste bi titulazio hauetako ikasleek ere parte hartu dute: Soziologia Aplikatua eta Gizarte Lana.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak sinatutako 2010erako lankidetza hitzarmenak aurreikusitako jardueretako bat da Eztabaida Liga. Aipatu hitzarmenaren helburua da ikasleei eta oro har jendeari zuzendutako hainbat prestakuntza programa garatzea.
Lehiaketa
Lehiaketa honela antolatu da: sailkapen fasea, NUPen egin dena, finalerdiak eta finala. Gutxienez lau kide eta gehienez ere zazpi kide ditu talde bakoitzak. Horietako bat kapitain gisa aritzen da, bi hizlari gisa eta gainerakoak ikertzaileak dira. Eztabaidetan, aurrez aurre dauden taldeek aurkako jarrerak defendatzen dituzte, eta aurrez aurrekoa hasi baino minutu batzuk lehenago zozketa egiten da nork zer defendatuko duen erabakitzeko.
Parte hartzeari dagokionez, eztabaidaren antolakuntzak hiru minutuko bi txanda aurreikusi ditu parte-hartzeko, eta beste bi minutu ondorioak azaltzeko. Horretaz gainera, talde bakoitza talde aurkariaren hizlariari zuzendu ahal izan zaio honek azalpena egiten duenean, oharrak, galderak eta iruzkinak egiteko.
Epaimahaiak bere erabakian balioesten du, besteak beste, argudioen aniztasuna, hizlariaren kanpo baliabideak, naturaltasuna eta adierazgarritasuna, hizkera aberatsa eta egokia, txandak egoki erabiltzea edo taldearen jokaera eztabaidan.