Joan eduki nagusira

zoom Inés Osés Munárriz

Inés Osés Munárriz

Hiltzea oso modu sakonean aldatu da joan den mendean zehar. Jendea etxean hiltzen zen, eta haren beharrez familiakoak arduratzen ziren. Gaur, berriz, gehienak ospital batean hiltzen dira. Egoeraren erretratoa egitea eta hiltzeko prozesuan jasotzen zen arretaren kalitateari buruzko informaziorik zehatzena eskuratzea izan da Inés Osés Munárrizek, Nafarroako Ospitaleko ZIUko mediku intentsibistak, NUPen irakurri duen doktoretza tesiaren helburua.

Ikerketa lan hori, “Nafarroako Ospitalean 2006. urtean zehar bizitza amaieran emandako arretaren kalitatearen analisia” izenburukoa, Osasun Zientzien Saileko Koldo Martínez Urionabarrenetxea eta Gregorio Tiberio López irakasleek zuzendu dute, eta Bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Azterlanaren oinarria inkesta bat izan da, urtean zehar ospitalean zendutako gaixoen familiakoei egina. Lagina 1037 gaixok osatzen zuten. Horietatik baztertu egin ziren adin txikikoak, bere buruaz beste egindakoak eta 48 ordu baino lehenagotik sartutako gaixoak, ikertzailearen interesekoa baitzen "bizitzaren amaierako prozesua aztertzea, eta ez bakarrik heriotzaren unea", dio doktore honek. Azkenik, baldintzak betetzen zituzten 712 gaixo kontuan hartuz, 327 familiakori egin zitzaien elkarrizketa.

Galdetegian aztertzen ziren jarduera esparruak lau izan ziren: gaixoaren erosotasuna (fisikoa zein emozionala); erabakiak elkarrekin hartzea, informaziorako eta gaixoaren borondateen analisirako prozesua izan eta gero; gaixoaren indibidualizazioa eta hartutako arreta (begirunea, adeitasuna, eta abar); eta zaindarientzako zaintza (familiakoek hartutako laguntza emozionala). Aldi berean, kontuan hartu ziren ospitalean egoten den denbora osoan agertzen diren bi prozesu: Gaixoei eta familiakoei informazioa eta prestakuntza ematea, eta zaintzaren koordinazioa eta jarraipena.

Hobetu beharrekoak

Ines Osesen arabera, honako ondorio orokor hau atera daiteke: "Nafarroako Ospitalean bizitza amaierako arretak balioespen ona du, baina hobetu beharreko puntuak aurkitu ditugu”. Horien artean aipatzen dira “informazioaren kalitatea eta kantitatea”, “gaixoari arreta ematen dion pertsona identifikatzea” eta "beharrezkotzat jotzen dela bizitzaren amaierako fase horretan banako gelak erabiltzea” Testuinguru honetan, tesiaren egileak komenigarritzat jotzen du “kontuan hartzea laguntza emozionalean atzeman den gabezia, eta bizi testamentua delakoa edo aldez aurreko borondateen kultura gizartean errotu ez izana” eta horregatik premiazkotzat jotzen du “hori zuzentzeko neurriak hartzea”.

Familiakoei egindako inkesten datuen analisitik sortzen dituen ondorioetatik, ondoko hauek azpimarratu behar dira:

Elkarrizketatuek 10 puntutik 7,91 ematen diote, batez beste, bizitzaren amaieran emandako arreta orokorrari.Gaixoen oinarrizko beharrei emandako arretak eta jasotako begiruneak eta adeitasunak balioespen positiboa dute % 90etik gorako kasuetan. Bost elkarrizketatutatik batek ez zekien mediku arduradunaren izena.

Ezjakintasun erabatekoa dago aldez aurreko borondateei dagokienez: Gaixoetatik bakarrik % 6k adierazi zieten familiakoei zer nahi zuten edo zer ez beraien bizitzaren amierarako.

Bizitzaren amaierako laguntza emozionala desegokitzat jotzen da, batez bestekoa izanik 10etik 6,08; balioespen hori bereziki negatiboa da gaixo onkologikoen familiakoen artean.

Azkenik, bost elkarrizketatutik batek dio inork ez ziela azaldu tratamendu analgesikoa, % 12k uste dute ez zela nahikoa izan, eta % 5ek gehiegizkotzat jotzen dute.

Inés Osés Munárriz Nafarroako Unibertsitatean medikuntzan eta kirurgian lizntziatu zen, eta 1999an Medikuntza Intentsiboko mediku espezialista izateko prestakuntza bukatu zuen Nafarroako Ospitalean. Horrez geroztik espezialista da bertako Zainketa Intentsiboen Unitatean. Nafarroako Ospitaleko Osasun Laguntzako Etika Batzordeko kidea da eta medikuntzako lanaz gain, irakaskuntza ematen du Nafarroako Unibertsitateko medikuntza Fakultateko medikuntza intentsiboko irakasle kliniko elkartu gisa. Hainbat biltzarretan argitaratutako hamarren bat komunikazioren eta ospital batean hilzorian daudenei emandako laguntzaren kalitatearen azterlanaren egile-kidea da.