Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Joseba de la Torre dekanoa, Alvaro Miranda kontseilaria, José María Marín Espainiako Bankuko ordezkaria, eta Cernín Martínez zuzendari nagusia, blitzarraren irekiera ekitaldian.

Ezkerretik eskuinera, Joseba de la Torre dekanoa, Alvaro Miranda kontseilaria, José María Marín Espainiako Bankuko ordezkaria, eta Cernín Martínez zuzendari nagusia, blitzarraren irekiera ekitaldian.

Nafarroako VIII. Ekonomia Biltzarreko Batzorde Zientifikoak erabaki du ikerketa lan onenaren saria ematea enpresaren hazkundean ekintzailearen profilak duen eragina aztertzen duen azterketa bati. Enpresa nafarrei buruzko datuetan oinarritzen da lana, eta Víctor Martín-Sánchez Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak egin du, Ignacio Contín eta Martín Larraza Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleen ikuskaritzapean.

Biltzar honetako Batzorde Zientifikoak balioetsitako hogei bat ponentzien artean aukeratua izan da azterketa saritua. Nafarroako Gobernuak eta Unibertsitate Publikoak antolatu dute biltzarra, eta Baluarte Nafarroako Biltzar-jauregi eta Entzunaretoan atzo hasi eta gaur arratsaldean amaiera emango diote Miguel Sanz lehendakariak eta Julio Lafuente errektoreak. “Ekonomia krisiaren irakaspenak” izenburupean, 200dik gora pertsona parte hartzen ari dira eskualde, administrazio publiko, finantza merkatu edo enpresa munduko ziklo ekonomikoei buruzko analisi eta eztabaidetan.

Batzorde Zientifikoaren arabera, Víctor Martín-Sánchezen ponentziak interes handiko gai bat aztertzen du krisi ekonomikoaren testuinguruan, enplegu maila handiagotu eta etorkizunean hazkunde ekonomiko sendoa lortzeko proposamenetako askok azpimarratu baitute hazkunde endogenoa bultzatzeko beharra enpresa-ekimen berriak sortuz eta garatuz.

zoom Entzulegoaren irudia.

Entzulegoaren irudia.

Eztabaida handia dago enpresak sortzeari buruzko literaturan, plangintzak negozio berrietan aritzean duen eraginari buruz. Plangintzak ekintzaileari, eta, hortaz, enpresaburuari, aukera ematen badio ere gogoeta egiteko etorkizunean egon daitezkeen egoerei buruz eta hauek bere negozioan duten eraginari buruz, bada esaten duenik zurruntasun gehiegi ekar dezaiokela enpresari.

Plangintza jarduerek enpresaren hazkundean duten eragina zehatzago jakin eta hala irekitako eztabaida argitzeko, Víctor Martín-Sánchezen lanak esaten du ezinbestekoa dela aztertzea ekintzaileen plangintza-jokaera denboran zehar, eta ez soilik une jakin batzuetan. Ildo honetan, ekintzaile-tipologia bat proposatzen du, ekintzaileak denboran zehar izan duten plangintza-jokabidearen arabera sailkatzen dituena. Bereizketa hau egiten du: inoiz plangintza egiten ez duten ekintzaileak, enpresa-jarduera hasi aurretik bai baino ondoren plangintza egiten ez dutenak, hasieran ez, baina denbora-tarte bat bat igaro ondoren egiten dutenak, eta plangintza beti egiten dutenak.

Inkesta enpresa nafar berriei

Azterketa egiteko, Víctor Martín-Sánchezek erabili ditu hainbat datu hartuak zirenak 2000. urtetik 2001. urtera bitartean Nafarroan sortu ziren eta 2005. urtean oraindik ere jardunean ziren 10 langile baino gutxiagoko enpresa berrien lagin adierazgarri bati egindako inkesta batetik. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak finantzatu zuen inkesta hori anonimoa izan zen, eta enpresen hazkundeari buruzko informazioa jasotzen du, bai eta beren antolaketa eta plangintza jarduerei buruzko eta beren sortzaileen esperientzia eta hezkuntzari buruzko informazioa ere.

Emaitzek agerian uzten dute enpresak sortzeari buruzko esperientziak eta unibertsitate hezkuntzak errazten dutela abian jartzea plangintza-jarduerak, eta, orokorrean, plangintzak enpresa hazkundeari laguntzen diola. Alabaina, zehaztu egiten da plangintza honek halako zurruntasun bat sor dezakeela, bereziki enpresaren hasierako aldi zalantzagarrian, behin aldi hori igaro ondoren plangintza egitea lotzen baita goi hazkundeko maila batekin.

Beraz, lan honen emaitzek ondorioak dituzte bai ekintzaileentzat, bai ekintzailetza laguntzeko politika publikoak diseinatzeko, erakusten baitute plangintza lagungarria dela enpresa-arrakasta lortzeko. Baina, aldi berean erakusten dute plangintza malgua egin behar dela enpresa berriak abian jartzeko aldian, ekintzaileari aukera emango diona, beharrezkoa balitz, negozioa berriro planteatzeko zentzu zabalean.

Ekonomia Biltzarren zikloa 1995az geroztik egiten da helburu hauekin: Nafarroako errealitate ekonomikoaren ezagutzan sakontzera zuzendutako azterketa eta analisiak bultzatzea, haien zabalkundeari laguntzea eztabaidagai diren hausnarketa, esperientzia eta proposamenak argitaratzeko babesa emanez, eta Foru Erkidegoaren garapenari buruz etorkizunean egiten diren ikerketak akuilatzea.

Aurten, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak batera antolatu dute biltzarra. Horrela, ekonomiaren mundua helarazi nahi zaie jendeari oro har, unibertsitateko ikasleei, langileei eta enpresei, eta, horretaz gainera, urrats bat gehiago eman nahi da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen arteko lankidetzan, Nafarroako errealitate ekonomikoaren ezagutzan sakontzen laguntzen duten irakaskuntza-proiektuetan.