Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseiluak Enpresa Foro bat eratu du gaur goizean, Kontseiluari berari gizarte-aholkularitza emateko eta gizarteak unibertsitatean parte hartzeko bitarteko lagungarri gisa. Foro horretan parte har dezakete erakunde akademikoarekin lankidetzan jardun edo zerikusia duten enpresa eta erakundeek eta enpleguarekin eta ikerketaren garapenarekin zerikusia dutenek.
Gizarteak unibertsitatean parte hartzeko duen erakunde kolegiatua da Gizarte Kontseilua, eta, ildo honetan, bere eginkizuna da sustatzea nafar erakunde eta gizartearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko harremanak. Enpresa Foroaren sorrerarekin, Kontseiluaren Gizartearekiko Harremanetarako Batzordearen asmoa da helburu horiek erdiesteko ahaleginera lotzea Unibertsitatearen hurbileko enpresa eta erakundeak.
Gizarte Kontseiluaren burua izango da Foroaren lehendakaria, eta gehienez ere berrogei kide izango ditu. Hauek dira: errektorea, hiru errektoreorde, Gizarte Kontseiluaren batzordeeetako buruak, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren zuzendari kudeatzailea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunei lana ematen dieten enpresa eta erakundeen ordezkariak, NUPekin lankidetzako harreman bereziak dituzten enpresa eta erakundeen ordezkariak eta akordio, hitzarmen edo kontratuen bidez Unibertsitateko ikerketaren garapena bultzatzen duten enpresa eta erakundeen ordezkariak.
Besteak beste enpresa eta erakunde hauen hasierako atxikimendua du Foroak: AH Asociados, Nafarroako Kutxa, CENER, Rural Kutxa, Laboratorios CINFA Laborategiak, Vega Mayor, Euskadiko Kutxa, Nornagoiz, BSH, Baluarte Fundazioa, Gamesa, ATANA, Nafarroako Teknologia Proiektuak, AUDENASA, AMEDNA, CRANA eta Nafarroako Industria Elkartea (AIN).
Foroak, funtsean bi saio egingo ditu urtero bi ardatzen inguruan. Lehenik eta behin, unibertsitatearen eta gizartearen arteko harremanekin lotutako gorabeherak izango dira hizpide, eta, bigarrenik, bereziki nabarmena den Unibertsitateko proiekturen baten berri emango da.
Zehazki, lehenengo eraketa-saio honetan parte hartu du Francesc Solé Parellada Ana Patricia Botín buru duen Conocimiento y Desarrollo Fundazioaren (CYD) lehendakariordeak eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Enpresen Antolaketako katedradunak. Francesc Solék hitzaldia eman du honi buruz: "Unibertsitateen ekarpenak garapenari: Unibertsitateak bere ingurunearekin dituen harremanen panorama”.
Bestalde, Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa aurkeztu da, eta proiektu horretan parte hartzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoak Zaragoza, Lleida eta Lleidako unibertsitateekin batera.
Eginkizunak
Enpresa Foro honek aholkularitza eman ahalko du Unibertsitateak bere ingurune kultural, profesional, ekonomiko eta sozialarekin dauzkan harremanak sustatzeko den urteko jardunbide planari buruz, eta laguntza emango du eragile ekonomiko eta sozialek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasketen eta ikerketaren finantzabidean parte hartzea bultzatzeko.
Halaber, Foroak bide bat eskainiko du NUPek hitzarmenak egin ditzan, enpresetan edo beste erakunde sozial batzuetan praktika profesionalak eginez, ikasleen prestakuntza osatzeko eta unibertsitateko tituludunak lanean txertatzeko dauden erakunde publiko eta pribatuekin.
Irakaskuntza, ikerketa eta unibertsitate zabalpeneko jarduerak sustatzeko aholkularitza ere eskatuko zaio, bereziki sektore produktiboekin loturiko jarduerei dagokienez.
Foroaren bidez, Gizarte Kontseiluak indartu egin nahi ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, enpresen eta sare sozialaren artean partekatutako ikerketa eta garapena, bai eta unibertsitateko ikerketen emaitzak bestetaratu eta zabaltzeko politikak ere, gizarte behar eta eskariei erantzunez.
Beste helburuetariko bat da sektore profesional, sozial eta ekonomikoen parte-hartzea erraztea, titulu ofizialak lortzeko ikasketak gizartearen behar eta eskariei egokitzeko, eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko arduradun akademikoekin batera, lanean diharduten profesionalei zuzendutako eta haien beharrei egokitutako prestakuntza iraunkor baten eskaintza bultzatzen laguntzeko.
Enpresa Foroak parte hartuko du, halaber, unibertsitate politikaren alderdi esanguratsuei buruzko hausnarketa eta eztabaidan, eta aholkularitza emango du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta haren ikasle ohien arteko harremanak bultzatzeko, haien arteko loturei eutsi eta unibertsitatearen aldeko mezenasgo jarduerak indartzeko.