

Ikertazilee 3Dko erreprodukzio sistema azaltzen dizkiete José María Roig Berrikuntza kontseilariari eta Gerardo Fernandez ANAINgo proiektuen zuzendariari
Jerónimo de Ayanz Elektronika eta Komunikazioetako Zentroak Innova Nafarroako I. Azokaren harira, Visiona Control Industrial eta Proyectos Tecnológicos de Navarra (Protecna) enpresekin lankidetzan garatu dituen bi ikerketa proiekturen emaitzak aurkeztu ditu: denbora errealean 3D berreraikuntzarako sistema bat —industria, medikuntza eta aisialdiaren arloetan aplikazioak dituena—, eta berogailuetarako dispositibo bat berogailu bakoitzean energiaren kontsumoa eta tenperatura kontrolatzeko.
Jerónimo de Ayanz Elektronika eta Komunikazioetako I+G Zentroa Unibertsitatearen eta ekoizpen munduaren arteko lankidetza eredu batean sinesten duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat ikerketa talderen esperientzia eta motibazioaren emaitza gisa sortu zen. Bere ezaugarri bereizgarrietako bat da espazio fisiko bat eskaintzen duela enpresetako eta Unibertsitateko ikertzaileak eta teknikariak elkarrekin jardun ahal izateko, konfidentzialtasun baldintza hoberenekin I+G+b proiektuetan.
Kontsumoa banaka kontrolatzea
Protecna enpresak, NUPeko Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak Taldeko ikertzaileekin lankidetzan, berogailuen instalazio mota guztiei aplikatzen ahal zaien sistema bat garatu dute. Berogailu bakoitzean egokitutako dispositibo bat da, ez duena behar pilarik, bateriarik, ez kablerik; eta inguruko tenperatura berogailu bakoitzean kontrolatzen du, eta energia termikoaren kontsumoa neurtzen du.
Kontrol energetiko gabeko instalazio batean, sistema honi esker, erabiltzaileak bere etxeko berogailu bakoitzean nahi duen tenperatura eduki dezake, eta kontsumitzen duena ordaindu. Berogailu bakoitzaren tenperatura programatzen, kontsumo datuak gorde eta biltzen eta urrutiko kanpoko sareekin komunikatzen den kontroleko zentral bat erabiltzen da.
Dispositiboak azken belaunaldiko haririk gabeko teknologia erabiltzen du eta ez da beharrezkoa jatorrizko instalazioan aldaketarik egitea ez eta kable elektrikorik eranstea ere. Etxebizitza bakanetan, blokeetan, komunitateetan, ikastetxeetan, zentro publikoetan, eta abarretan jar daiteke.
3Dtik 4Dra
Baita Jerónimo de Ayanz I+G Zentroan ere, Visiona Control Industrial enpresarekin lankidetzan, ikertzaileek denbora errealean 3D berreraikuntzarako sistema bat garatu dute. Sistema hau gai da objektu baten 3D koordenatuak zehaztasunez erdiesteko milimetro hamarrenetan (ile baten lodiera baino zerbait gehixeago den neurriarekin), eta 30 milisegundo baino denbora-tarte laburragoetan, kontuan izanda milisegundo bat dela pertsona batek begiak itxi eta irekitzeko denboraren hamarrena.
Visiona enpresa irudiaren prozesatu digitalen eta adimen artifizialaren eremuan egin diren azken ikerketen emaitzez baliatu da. Proiektuaren arduradunek azaltzen dutenez, “sistema honekin 4D izeneko aplikazio eremu berri bat zabaltzen da, hau da, 3D datuak denboran zehar analizatu ahal izatea, objektu baten bereizmen handiko 3D eredua denbora oso-oso laburretan sortzeko bidea emateaz gain”.
Teknologia honek dakarren berrikuntza hainbat eremutan aplikatu ahal da. Adibidez, industria sektorean erabili ahal da objektuak kokatu eta robotak bideratzeko, edo kalitate kontrola egiteko, fabrikatutako piezen geometria alderatu ahal duelako erreferentziako patroi ideal batekiko, eta azaleko akatsak antzeman ditzakeelako.
Medikuntzaren sektorean erabil liteke kirurgia plastikoaren eremuan (aurpegiaren eta gorputzaren berreraikuntzak egiteko) edo erradioterapian (paziente baten arnas mugimendua monitorizatzeko erradioterapia tratamendu bateko saioan zehar).
Azkenik, aisialdiaren eta entretenimenduaren sektorean aplikatuz, sistema avatarren aurpegien animazioaren eremuan edo pertsonaia birtualen modelatuan aplika daiteke.
Aurkitu zure etxean dagoen I+G+b! izenekoerakusketan jendeari erakusten zaizkio 15 Zentro Teknologikok eta hainbat enpresak eremu honetan egindako lorpenak, eta etorkizunean berritzeko dauden bideak ere ezagutzera ematen dira.
Erakusketa zabalik egongo da Planetarioan heldu den urtarrilera arte. Innova Azokaren barnean kokatzen da, eta parte hartzen duten bisitariek jarduerak egin ditzakete inguruan sortzen ari diren aurrerapen teknologiko berritzaileen berri jasoz modu arin, interaktibo eta ludikoan.
Planetarioan era berean ikusi ahalko da ETSIIT-UPNA Racing Team taldearen motorra, MotoStudent lehiaketako lehen saria Industria Proiektu Hoberenari.