Kasta fundazionalak berriz erdiestea, festaren inpaktu ekonomikoa edo zezenketetako lehendakaritzak dira hizpide izango diren gaietako batzuk azaroaren 19 eta 20an Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo diren Jokatzeko Aziendari buruzko VII. Jardunaldietan. NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak antolatu du topaketa Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko izen bereko eskolarekin lankidetzan, eta topaketa honen helburua da ezagutzera ematea ikasleei, ganaduzaleei, profesionalei, zaleei eta zezenaren munduan interesa duten pertsona guztiei azienda mota honen hazkuntza eta ustiapenaren alderdi aipagarrienak.
Jardunaldiak Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egingo dira, eta azaroaren 19an, ostiralean, 9:30ean hasiko dira inaugurazio-ekitaldiarekin. Javier Casalí Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea izango da ekitaldiaren buru eta parte hartuko dute, halaber, Ana Arana NIGMETeko zuzendariak eta ekitaldiaren zuzendariek, alegia, Antonio Purroy (NUP) eta Carlos Buxadé (MUP) Animalia Ekoizpeneko katedradunek.
Topaketa lau blokeren bidez garatuko da, eta horietan ponentziak aurkeztuko dira. Ponentziak solasaldi eta mahai-inguruekin amaituko dira. Lehenengo blokea kasta fundazionalak berriz erdiesteari buruzkoa da. Miguel Reta ganaduzale eta entzierroko artzain nafarrak Nafar kastari buruz hitz egingo du, eta Juan Carlos Gil Sevillako Unibertsitateko Sánchez Mejías Katedraren zuzendariak Jijona kastari buruz hitz egingo du. Ignacio Martínez Alfaro izango da eztabaidaren moderatzailea.
Jardunaldi hauetako bigarren gai-blokearen izenburua da “Festaren ekonomia”. Festaren inpaktu ekonomikoari buruz eta krisiak zezenketetan izan duen eraginari buruz eztabaidatuko dute Carlos Buxadé katedradunak eta Julián Montañés enpresaburu aragoiarrak. Jardunaldi hauetako lehen saioa bukatzeko, hirugarren bloke bat izango da “Festaren garrantziari buruzkoa”. Máximo García Padrós eta Ángel Hidalgo Las Ventas zezen-plazako eta Iruñeko zezen-plazako kirurgialari buruek eta Iván Fandiño zezenketariak parte hartuko dute “Heriotzaren eta ospearen artean” izenburua duen mahai-inguruan. Horretaz gainera, Matías González Bilboko zezen-plazako lehendakariak eta Iñaki Arrazola aipatu zezen-plazako aholkulari-albaitariak eztabaidatuko dute gai polemiko bati buruz: lehendakaritza zezenketetan.
Oldarkortasunaren sekretuak
Jokatzeko Aziendari buruzko VII. Jardunaldietako bigarrena gai honi buruzkoa izango da: zezenaren oldarkortasuna ikuspegi ezberdinetatik begiratuta, eta animalia honi buruz dauden ikuspegi ezberdinak. Lehenengo zatian, pikatzeko moduan eta banderillak jartzeko moduan izan diren aldaketak aztertuko dira ponentzia batean Manuel Sales zezen-hiltzaile ohiaren eta Julio Fernández Madrilgo Zezen-hazleen Elkarteko albaitariaren eskutik. Gero, José Rufino “Peñajara” jokatzeko azienden hazleak oldarkortasunaren sekretuei buruz hitz egingo du.
Topaketa bukatzeko, solasaldi batean zezena izango da hizpide larreen, zezen-plazaren edo kalearen ikuspegietatik begiratuta. Borja Domecq Jandillako ganaduzaleak, Eduardo Dávila Miura zezen-hiltzaileak eta Alberto de Jesús “Bous al carrer” aldizkariaren zuzendariak parte hartuko dute. Jardunaldiak amaitzeko, eztabaidatutakoaren laburpena aurkeztuko du Antonio Purroyk, eta amaiera-hitzaldia, berriz, Yolanda Barcina Iruñeko alkateak egingo du.
Jardunaldien programan bi jarduera paralelo daude. Hauek dira: Agenda Taurina 2011 liburuaren aurkezpena (Vidal Pérez Herrerok argitaratua) eta argazki erakusketa “Zezena larreetan” izenburua duena (Por las Rutas del Toro artxibokoa). Jardunaldietako programa osoa helbide honetan ikus daiteke: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos.