Nafarroako Unibertsitate Publikoak espezializazio ikastaro bat antolatu du aholkularitza enpresetako profesionalak prestatzeko. Sektore hori oso dinamikoa da eta gazte lizentziadunak kontratatzeko eskaera handia dago. Ikastaroak balio erantsia du prestakuntza prozesuan eskola presentzialak tartekatzen direlako sektoreko hamar bat nafar enpresatan egingo diren praktika ordainduekin. Praktika horiei esker, parte hartzen duten gazteek denbora errealean erabilko dute ikasitakoa, eta harreman zuzenean jarriko dira lanbidearekin. Gainera, prestakuntzaren zati handi bat enpresa horietako profesionalek emango dute. Gehienez ere 30 ikaspostu dituen ikastaroa tituludun berriei edo karrera amaierako lanen proiektuetan matrikulatutako ikasleei zuzenduta dago, eta 2011ko otsailean hasiko da.
Ikastaro honen edukia gaur, astelehena, azaroaren 15ean, aurkeztu dute Javier Merino Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresen Kudeaketa Saileko zuzendari eta ikastaroaren zuzendariak, eta Iñaki Cervantes antolamenduan lagundu duen ANEC Nafarroako Aholkularitza Enpresen Elkartearen zuzendaritza batzordeko kideak. Era berean, ikastaro honetan lagundu dute Nafarroako Industria Elkarteak eta beste honako enpresa hauek: Consultoría y Comunicaciones, Delta Consultores, Informática El Corte Inglés, Human, Infocenter, Iniciativas Innovadoras, OHR, Pascual, Presa y Asociados, Sinergium eta Zabala.
Ikastaro hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta aholkularitzako enpresa sektorearen arteko lankidetzaren lehen emaitza. Izan ere, gaur egun dagoen hutsune bat bete nahi da prestakuntzarako esperientziaren bidez. Nafarroan gaurdaino ez da egon inolako prestakuntza eskaintzarik sektore horretako profesionalak prestatzeko; izan ere, sektore horretan Unibertsitate titulazioa izateaz gain, taldeen zuzendaritzan, komunikazioan, erabakiak hartzen, proiektuen kudeaketan edo txostenak prestatzen trebetasunak eta gaitasunak dituzten profesionalak behar baitira. Kontuan hartu behar da sektore honetan garrantzi handia ematen zaiola etengabeko prestakuntzari, langileek beren ezagupenak etengabe eguneratu behar dituztelako.
Prestakuntza teorikoa eta praktikoa
Prestakuntza esperientzia honen berrikuntza nagusia da parte hartzaileek tartekatu ahalko dituztela unibertsitateko irakasleek eta sektoreko adituek emango dizkieten eskolak proiektu honetan parte hartzen duten nafar enpresetan egingo dituzten praktika ordainduekin. Ikastaroa hasi aurretik, izena ematen dutenen gaitasunak aztertuko dira eta gauza bera egingo da prestakuntza amaitzen denean. Horrela ikusi ahalko da zein den ezagupenen eta trebetasunen eragina profil profesional hori betetzeko.
Prestakuntza presentziala hirurogei bat ordukoa izango da. Praktikak parte hartzen duten enpresetako batean egingo dira eta gutxienez sei hilabete iraungo dute. Tarte horretan, parte-hartzaileek tutore baten laguntza izango dute eta hark jardueretarako egutegia ezarriko du ikastaroaren eduki teorikoen programazioarekin bat. Ikastaro honetako eduki osoa helbide honetan kontsulta daiteke: http://www1.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad/.
Sektorea Nafarroan
Nafarroako Aholkularitza Enpresen Elkartea ia berrehun langileri lana ematen dieten 19 enpresak osatzen dute guztira. ANECeko aholkularitza enpresa baten profil ertaina da hiru bazkide jabe eta hamar bat langile dituen antolakundea. Horietatik % 56 gizonezkoak eta % 44 emakumeak dira. 2009ko ekitaldian enpresa horiek ia 11 milioi euro fakturatu zituzten, eta ekitaldi honetan kopuru hori gainditzea espero dute.
Enpresa hauen merkatua eskualdekoa da funtsean, horietako % 69k Nafarroan jarduten baitute. Gainerakoak badituzte bezeroak erkidego mugakideetan, esaterako, Euskadin, Errioxan edo Aragoin, eta baita Madrilen, Valentzian, Kantabrian, Andaluzian, Gaztela eta Leonen, eta Gaztela Mantxan ere.
Industria sektorea da enpresa hauei bezero gehien ematen dieten sektorea, % 52,8rekin; jarraian, zerbitzuen sektorea % 37,4rekin eta eraikuntzakoa, % 9,8rekin. Nekazaritza elikagaien industria, automozioa eta garraioarena, metalurgikoa eta energetikoa dira aholkularitza zerbitzu hauek gehien eskatzen dituztenak. Bestalde, zerbitzuen sektorean bezeroak gehienbat administrazio publikotik, enpresa zerbitzuen enpresetatik eta IKTan espezializatutako erakundeetatik datoz.