Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak gaur erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea Europako Unibertsitate Eremuari (EUE) egokitutako bi master berriren ezarpena. Masterra Lan Arriskuen Aurreikuspenean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan emateko, eta Unibertsitatearteko Masterra Lurzoruen eta Uren Kudeaketan, NUPen emateaz gain, Lleidako (koordinatzailea), Bartzelonako, Zaragozako eta Bartzelonako Autonomoan emateko.

Erabaki berean, Gobernu Kontseiluak baita eskatu du Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren beharrezko txostena ere, aipatu master titulu ofizial horiek ezartzeko. Nafarroako Gobernuaren onespena jaso ondoren, Lan Arriskuen Aurreikuspenean Masterra heldu den urtarriletik Unibertsitatearen irakaskuntza eskaintzan sartuko dela aurreikusten da. Bestalde, Lurzoruen eta Uren Kudeaketan Masterra heldu den 2011-2012 ikasturteko eskaintzan sartuko dela aurreikusten da.

Gainera, Gobernu Kontseiluak erabaki du Hezkuntza Departamentuari baimena eskatzea beste bi unibertsitate master ezartzeko, ekonomiaren eremukoak: Unibertsitate Masterra Ekonomia eta Finantza Analisian, eta Unibertsitate Masterra Ekonomiako Konputazio Tekniketan. Bi master horien oroitidazkiak Hezkuntza Ministerioaren Unibertsitateen Kontseiluari igorriko zaizkio Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala-ANECAk egiaztatzeko. Izan ere, legeak ezarritako urratsa baita Gizarte Kontseiluaren aldeko txostena eskatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuak behin betiko onets dezan.

Graduondoko titulazio berri hauek gehituko zaizkio Unibertsitateak egun eskaintzen dituen master ofizialen eskaintzari: nekazaritza eta industria ingeniaritzetako, informatika eta telekomunikazioetako, ekonomiako, giza eta gizarte zientzietako eta osasun eremuko espezializazioaren barnean hainbat arlo hartzen dituztenak.