Dozena bat unibertsitatetako adituk Iruñean egingo diren jardunaldi batzuetan parte hartuko dute hilaren 11, 12 eta 13an, eta Erdi Aroko eta Aro Berriko zerga-biltzaileen egitekoa aztertuko dute. Topaketaren izenburua da “Zakeoren bila: Zerga-biltzaileak Erdi Aroan eta Aro Berrian”. Arca Comunis Ikerketa Sareak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatu dute Nafarroako Artxibo Nagusiarekin –jardunaldietako jarduera batzuk han egingo dira–, Comptos Ganberarekin eta Zerga Arloko Ikasketen Institutuarekin lankidetzan. Biltzarraren helburua da hitzaldien eta mahai-inguruen bidez aztertzea Erdi Aroko eta Aro Berriko zerga-jarduera hainbat tokitan, hala nola Gaztela, Nafarroako Erresuma, Granadako Erresuma, Gipuzkoa, Katalunia, Andaluzia edo Aragoiko Koroa.
Jardunaldiak bihar, ostegunean, hasiko dira 9:15ean Nafarroako Artxibo Nagusian egingo den irekiera ekitaldiarekin. Ekitaldiaren buru izango dira Alfonso Carlosena NUPeko Ikerketarako errektoreordea eta José Ángel Narváez Malagako Unibertsitateko Ikerketarako errektoreordea eta Arca Comunisen ordezkaria. Gero, Juan Carrasco Pérez NUPeko Erdi Aroaren Historiako katedradunari omenaldia egingo zaio, erretiroa hartuko baitu. Eloísa Ramírez NUPeko Erdi Aroaren Historiako katedradunak, Ángel Galán Malagako Unibertsitateko Erdi Aroaren Historiako katedradunak eta Rafael G. Peinado Granadako Unibertsitateko Erdi Aroaren Historiako irakasleak egingo dute laudatioa.
Juan Carrasco Arca Comunisen ohorezko lehendakariak emango du hasierako hitzaldia, “Hiru hamarkada zerga-sistemaren historian: Historialari baten gogoetak”. Iñigo Mugueta NUPeko irakasle eta jardunaldien koordinatzaileak emango dio amaiera topaketaren lehen zati honi hitzaldi honekin: “Acta Vectigalia Regni Navarrae: finantza dokumentuak Nafarroako Erret Ogasunaren azterketarako”. NUPeko ikertzaileen azken hitzaldiaren izenburua da “Zerga-bilketa erregearentzat XIV. mendeko Nafarroan: nork eta non”, eta Eloisa Ramírezek emango du. Horretaz gainera, “Erregearen zerga-sistema”ri buruzko mahai-inguruan parte hartuko du, eta Joseba de la Torre Historia eta Erakunde Ekonomikoetako katedraduna eta NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa izango da moderatzailea. Topaketa honetako programa osoa helbide honetan kontsulta daiteke: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos.
Jardunaldi hauetako lehen bi saio hauek Nafarroako Artxibo Nagusian egingo dira, eta azken saioa, azaroaren 13koa, larunbatekoa, NUPeko Gurbitzak eraikineko Nicolás de Oresme aretoan programatu da. Amaierako hitzaldia 11:20ean egingo da, eta José María Labeaga Azcona Zerga Azterketen Institutuko zuzendari nagusiak emango du. Zerga erreformei buruz eta gaur egungo zerga-bilketaren eraginkortasunari buruz hitz egingo du. Heliodoro Robleda Comptos Ganberaren lehendakariak aurkeztuko du.
Arca Comunis Ikerketa Sarea espezializatuta dago XIII. eta XVIII. mendeetako Hispaniar Ogasun eta Zerga Sistemaren Historian, bai eta horiek beste europar eredu batzuekin dituzten harremanetan ere. Zentro hauek dira ikerketa sare honen kideak: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Valladolideko Unibertsitatea, Gironako Unibertsitatea, Malagako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroa. Unibertsitatearteko itun baten bidez ezarri zen sarea, eta Zerga Azterketen Institutuarekin elkarturik dago hitzarmen egonkor baten bidez, irakaskuntza eta ikerketa emaitzak zabaltzeko.