Joan eduki nagusira

zoom Fernando Remacha, ezkerrean, eta Regino Sáinz de Maza, Margarita Remachak lagatako argazki batean.

Fernando Remacha, ezkerrean, eta Regino Sáinz de Maza, Margarita Remachak lagatako argazki batean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak heldu den ostegunean, azaroaren 11n, Fernando Remacha Tuterako musikaria omenduko du kontzertu baten bidez, eta horretan estreinatuko dira sei nafar musikagileri eskatu zizkien lanak. Kontzertu omenaldia arratsaldeko 19:30ean eskainiko da Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan. Izan ere, neurri handiko gune bereziki egokia da, NUPek garrantzi handiko ekitaldiak egiteko erabiltzen duena, eta 2008ko ekainetik, Tuterako musikariaren izen ofiziala duena.

2009an, Fernando Remacharen heriotzaren XXV. urteurrena bete zenean, Nafarroako Unibertsitate Publikoak entzute handiko nafar musikari aukeratu batzuei eskatu zien sei obra berri egiteko –hiru pianorako eta hiru gitarrarako–, eta horiek dira kontzertu honetan estreinatuko direnak. Lan horiek konposatu dituzten nafar musikagileak honako hauek dira: Agustín González Acilu, Teresa Catalán, Carlos Etxeberria, Koldo Pastor, Jesús Echeverría eta Juan José Eslava. Eskainiko diren lanak Unibertsitateak berriki argitaratu duen Musika sorkuntza berria Fernando Remacha Villarren omenez (1898-1984) izeneko partitura liburuan biltzen dira, Marcos Andrés Vierge NUPeko musika irakasleak koordinatuta.

Fermín Bernecheak (pianoa) eta Eduardo Baranzanok (gitarra) joko dituzte obrak, eta azken honek Remacharen gitarrarako preludio bat, argitaragabea, joko du, Leopoldo Neri ikertzaileak Regino Sainz de la Maza gitarra-jotzailearen artxibotik berreskuratutakoa. Kontzertuaren burua izango da Julio Lafuente errektorea, eta aurkezlea Marcos Andrés Vierge. Era berean, bertan egongo dira sei musikagileak. Bestalde, Nafarroako Ganbera Abesbatzak Fernando Remacharen hainbat lan interpretatuko ditu David Guindanoren zuzendaritzapean. Kontzertua zuzenean emango da Radio Nacional de Españako Radio Clásica irratian.


Nafar musikariak Remacharekin, belaunaldien arteko lotura gisa


Obra hauek egiteko eskatu zieten sei nafar musikariek XX. mendearen bigarren erdiko nafar musikarien belaunaldien arteko lotura historikoa azaltzen dute, mende horretan Fernando Remacha eta bere lana funtsezkoak baitira. Hala, Agustín González Acilu, Vianako Printzea Saria jaso zuenak 2009an, harreman zuzena izan zuen Fernando Remacharekin berrogeita hamarkadaren amaiera aldera. Urte batzuk geroago, Acilu Iruñera etorri zen konposizio eta soziologia eskolak emateko ikasle gazte talde bati; horien artean ziren Koldo Pastor, Teresa Catalán, Carlos Etxeberria eta Jesús Echeverría. Omenaldian izango den musikagile gazteenaren kasuan, Juan José Eslava, aipatu beharra dago Teresa Catalán dela eragin handienetakoa izan duen bere irakasleetako bat.

Agustín González Aciluk Remacharen omenaldian parte hartzen du pianorako “Límites II” obrarekin. Gitarrarako egina dago “Coral, Preludio y Danza” lana, Teresa Catalánek kontzertu honetan estreinatuko duena. Honek, Aciluk bezala, Fernando Remacha ezagutu zuen eta harmonia eskolak jaso zituen hark emanda Pablo Sarasate Kontserbatorioan. Pianorako azken lana Carlos Etxeberriarena da eta “Mutación, Cr-13, sensaciones” du izenburua.

Egitaraua osatuko da argitaragabeko gitarrarako beste hiru obrarekin. Lehenbizikoa Koldo Pastorrena da, “Gaueko Suite” izenburua du eta sarrera eta dantza ditu. “Symetria” da Jesús Echeverríaren obraren izenburua eta, horretan, Fernando Remachak 1958. urtean sortutako “Nocturnio” lanaren material melodiko-interbalikoa erabiltzen du. Eskainiko den azken obra “Pulsar” izenekoa da, Juan José Eslavarena.