Guztira, 632 pertsona matrikulatu dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduondoko ikasketa ofizialetan 2010-11 ikasturterako. Zenbaki hori zertxobait handiagoa da 2009-10 ikasturtean lortu zena baino. Azken urte horretan NUPek ematen dituen 23 master ofizialetako matrikulak % 40tik gorako igoera izan zuen. Oraindik ikaspostu hutsak zituzten Unibertsitate Masterretako aurreinskripziorako azken epea bukatu ondoren jakin dira datu hauek.
Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Unibertsitate Masterra da, 111 ikaslerekin, matrikula ugariena duen graduondo ofiziala. Ondotik datoz Unibertsitate Masterra Gizabanako, Familiako edo Taldeko Esku-hartzean, 87 ikasle dituena, Unibertsitate Masterra Ingeniaritza Biomedikoan (45), Unibertsitate Masterra Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzan (44), Unibertsitate Masterra Energia Berriztagarrietan: Sorkuntza Elektrikoa (42) eta Unibertsitate Masterra Osasun Zientzietako Ikerketan (38).
Unibertsitateak, guztira, 23 Unibertsitate Master eskaintzen ditu Europako Unibertsitate Eremura (EUE) egokituak. Horietatik seiren bat Errioxako, Asturiasko, Euskal Herriko, Aragoiko, Kataluniako, Valentziako, Extremadurako, Gaztela-Mantxako eta Madrilgo unibertsitateekin batera ematen dira.
2010-11 ikasturtearen hasieran masterren egutegia, Europako Unibertsitate Eremura egokitua, bi seihilekotan banatuta dago. Lehen seihilabetea urriaren hasieran hasi da, eta 2011ko otsailaren 28an bukatuko da, baina titulazio bakoitzeko irakaskuntza-zuzendariek erabaki ahalko dute amaiera eguna, otsailean, irakaskuntza-antolaketaren arabera. Bigarren seihilekoa 2011ko otsailaren 1aren eta ekainaren 30aren artean garatuko da.