Joan eduki nagusira

zoom Itziar Domeño Seminario

Itziar Domeño Seminario

Laborantza hidroponikoa laborantzarako metodo bat da, nekazaritzako lurzoruaren ordez, mineral disoluzioak eta substratu jakin batzuk erabiltzen dituena. Itziar Domeño Seminario Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea da. Bere tesian ebaluatu du zur-zuntzezko material berrien erabilera, zur-zuntzak erakutsi baitu eraginkorra dela laborantza mota horietan substratu gisa.

Tesia, “Evaluación de nuevos materiales a partir de fibra de madera como sustrato de cultivos hidropónicos” izenburukoa Julio Muro Erreguerena NUPeko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko irakasleak zuzendu du, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Ingurumenaren aldetik, substraturako erabili ohi diren materialek, harri-ileak edo perlitak, esaterako, arazoak izaten dituzte berriz erabili ahal izateko. Aukera bat zur-zuntza erabiltzea da. Industria jarduera baten azpiproduktua da, eta gainera, material organikoa denez, ez du arazorik sortzen hura desegin behar denean.

Itziar Domeñok azaltzen duenez, frogatuta dago zur-zuntza material egokia dela laborantza hidroponikorako, eta haren bidez lortzen direla bestelako substratu ohikoagoak erabiliz lortzen diren ekoizpen beretsuak, adibidez, tomatearen edo meloiaren kasuan. “Baina zur-zuntza ontziratzeko zailtasuna eta zakuen ikusizko irudiaren narriadura, laborantza zikloak errepikatzen diren heinean, desabantailak dira, merkataritzaren ikuspuntutik”. Horregatik ikerketak bilatu ditu substratuen formatu berriak, zur-zuntzetik abiatuz, atzeman diren desabantaila horiek gainditzeko.

Agronomian lehiakorrak diren materialak

Material berri horiek lortu ziren zur-zuntza pikortatuz, itsasgarri bat gehituta. Materialen propietateak zehaztu ziren, agronomiarako ebaluazioa egin zitzaien, tomatearen laborantzan, eta ikertu zen denboran zehar izaten zen materia organikoaren galera eta propietateen bilakaera.

“Material berri hauek laborantzarako hasierako propietate egokiak dituzte, lehiakorrak dira agronomiaren aldetik, eta ematen dituzten ekoizpenak jatorrizko substratuarenak bezalakoak dira –dio ikerketaren egileak-. Haien propietateak aldatu egiten dira laborantza zikloetan zehar, baina gomendatutako balio hoberenen barruan mantentzen dira”.

Azkenik, materia organikoaren galera antzekoa da, baina ikusizko irudiari dagokionez, “tomate laborantzan lau ziklo egin ondoren, laborantza zakuen azkeneko irudia jatorrizko substratuarena baino hobea da”.

Itziar Domeño Seminario Biologiako lizentziaduna da. Orain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritzako Ekoizpen Sailean lan egiten du, proiektuko laguntzaile gisa. Entitate horrekin ikerketako lau proiektutan lan egin du. Nazioko sei biltzarretan parte hartu du, eta argitalpen zientifikoetako beste hainbeste artikuluren egilekidea da.