Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Agroforestal Bigarren Hezkuntzako Institutuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, ostiralean, urriaren 1ean. Helburua da ikastetxe horretako Lanbide Heziketako ikasleek praktikak egin ahal izatea Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIGMET). Hitzarmena Javier Casalí Sarasíbar Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak eta Miguel Angel Jordán Aniz Agroforestal BHIko zuzendariak sinatu dute. Azken horri Florencio Niño ikasketa buruak laguntzen zion.
Praktika programa hori Lanbide Heziketa Arautuan matrikulatutako ikasleei zuzentzen zaie. Prestakuntza Lantegietan egiteko moduluan edo Prestakuntza Praktikoa Enpresa, Estudio edo Lantegietan egiteko fasean sartzen da. Era berean, hitzarmenak ahalbidetuko du, zenbait kasutan, bestelako prestakuntza jarduerak egitea, LHko beste moduluetan daudenak edo berrikuntza proiektuekin lotuak, eta haien ezaugarriengatik ikastetxean garatu ezin direnak.
Hitzarmenean aurreikusita dago proiektuak eta jarduerak elkarrekin abian jartzea, laguntza emateko irakaskuntzari, ikerketari, eta ingeniaritzaren zein nekazaritza arloko zientzien zabalkundeari. Lankidetza hori eratuko da Nazioarteko Bikaintasun Campusa proiektuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2009ko deialdira aurkeztuta Kalitate Aipamen bat eskuratu zuen hartan.
Prestakuntza jardueren koordinazioa, jarraipena eta orientazioa Unibertsitateak izendatutako arduradun baten eskura egongo dira. Horrek garatzen diren ekintzak analizatuko ditu, Agroforestal BHIk izendatzen duen tutorearekin batera.
Hitzarmenaren iraupena bi urtekoa izango da. Agroforestal BHIko ikasleek lan egin ahalko dute Praktiketarako eta Nekazaritza Esperimentaziorako Etxaldean. Lur hori, 200.000tik gora metro koadrokoa Arrosadiko campusean dago. Etxaldea, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak kudeatuta, praktikak egiteko erabiltzen dute Nekazaritza Ingeniaritza eta Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoak titulazioetako ikasleek. Aldi berean, laguntza ematen die Unibertsitateak nekazaritzako gaietan egiten dituen Ikerketa eta Garapena (I+G) proiektuei.