Joan eduki nagusira

zoom LUCEk ekintzailei buruz egindako jardueretako bat

LUCEk ekintzailei buruz egindako jardueretako bat

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ostegunean, Iniciador Navarra hirugarren bilera egingo da. Oraingo honen izenburua da "Lubakian bertan enpresa egin: produktuaren garapena”, eta ibilbide ezaguneko bi ekintzaile bilduko ditu: FranÇois Derbaix eta Marta Esteve, TopRural.com eta Rentalia.com, entitateen sortzaileak, hurrenez hurren. NUPeko Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategia-LUCE izenekoak lankidetza eman duk bilera honen antolaketarako. Parte hartzea doakoa da, izena aldez aurretik emanda.

Iniciador ekintzaileen komunitatearen xedea da “ekintzailetza” sustatu eta erraztea. Horretarako, ekintzaileek ekintzaileentzat prestatutako jarduerak antolatzen ditu, jakintza eta esperientziak partekatzeko eta enpresa kulturaren alderdi onak sustatzeko.

Saioa 18:30ean izango da, Industria eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (Haginak eraikina). Ikasleei, irakasleei, ikertzaileei eta ekintzaileei zuzentzen zaie.

Hizlariek aholku praktikoak partekatuko dituzte, helburua izanik produktu erabilgarriak garatzea eta erabiltzaileari zerbitzu hoberena ematea, edozein sektore edo negoziotan aplikatu ahal dena, izaera teknologikoa izan ala ez.

Hitzaldiaren ondoren networking aldia etorriko da, parte hartzen duten ekintzaileek elkar ezagutu eta harreman profesionalak eratzeko aukera izan dezaten. Tarte horretan, enpresa bat abian jartzen ari direnek edo horretarako ideia bat dutenek aukera izango dute haien proiektua ezagutarazteko eta zalantzak eztabaidatzeko, ekintzaile esperientziadun batekin.

Bilerara agertu nahi dutenek izena eman behar dute www.iniciador.com/navarra/proximo-iniciador webgunean, edo navarra@iniciador.com helbidearen bidez.

Ekimena

Iniciador delakoaren jarduera nagusia hilabeteroko ekitaldi bat da, Espainiako hiri batean egiten dena. Helburua da ekintzaileak foro batean biltzea, elkar ezagutzeko bidea izateko.

Ekimena Madrilen sortu zen, orain dela hiru urte, eta dagoeneko hilabeteroko ekitaldiak egin dira Espainiako 34 hiri baino gehiagotan. Antolatzaileak tokiko 29 talde izan dira, 100dik gora boluntariok osatuak.

279tik gora ekitaldi antolatu dira, eta haietan 10.000 inguru ekintzaile egon dira, 220tik gora hizlarirengandik ikasteko. Azkeneko horien artean Espainiako ekintzaile teknologiko garrantzitsuetatik ia guztiak daude.

Iniciador Navarra ekitaldia irabazi-asmorik gabeko entitatea da. Javier Guembe, Oscar Matellanes eta Daniel Pinillos dira haren antolatzaileak, eta Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera, CEIN, Caja Rural eta Reyno Gourmet dira babesleak. Diario de Navarra kolaboratzailea da.