Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik, eskuinera, Beatriz Soret, Nazioarteko Harremanetarako Arloko zuzendaria, Javier Casalí, Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea, eta Josune Urzainki, Nazioarteko Harremanetarako atalburua.

Ezkerretik, eskuinera, Beatriz Soret, Nazioarteko Harremanetarako Arloko zuzendaria, Javier Casalí, Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea, eta Josune Urzainki, Nazioarteko Harremanetarako atalburua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ekitaldi bat egin du gaur ongi etorria emateko nazioko eta nazioarteko mugikortasun programetatik datozen ia 150 ikasleri. Arrosadiko campusean seihileko batetik ikasturte osora bitarteko egonaldia egingo dute. Ekitaldia Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko gradu aretoan izan da, eta buru izan du Javier Casalí Sarasíbar Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordea.

Harrera ekitaldirako deia, guztira, 144 ikasleri egin zitzaien. Nazioko eta nazioarteko mugikortasuneko hamarren bat programatatik badatoz ere, orokorrean erasmus izena ematen zaie, hori delako talde ugariena. Erasmus programako ikasleak, hain zuzen, 74 dira. Europako 16 herrialdetakoak dira, batez ere Frantziakoak, Italiakoak, Alemaniakoak eta Poloniakoak. Gainerakoak ondoko programetakoak dira: Virrey Palafox, Fundación Carolina, ISEP USA eta México, Martín de Rada, Erasmus Mundus, SENECA (nazioko mugikortasunekoa) ikasle bisitariak edo Nafarroako Unibertsitate Publikoak hainbat herrialdetako unibertsitateekin sinatzen dituen aldebiko hitzarmenetakoak.

zoom Mugikortasuneko ikasleen irudia.

Mugikortasuneko ikasleen irudia.

Iruñera iritsi behar dira oraindik Kanpo Arazoetako Ministerioaren eta Carolina Fundazioaren programetako 12 ikasleak. Horiekin, ikasturtea hasi behar duten nazioko eta nazioarteko mugikortasuneko programetako ikasleak, guztira, 156 dira. Guztira 39 herrialdetakoak dira, gehienak Europakoak eta Latinoamerikakoak. Hain zuzen ere, 74 Europatik etorriko dira, 55 Latinoamerikatik, 8 Asiatik eta 4 Estatu Batuetatik. Jatorriari begira honela banatzen dira: Europako herrialdeetan Frantzia da ikasle gehien bidali duena, 19 baitira, gero datoz Italia (14), Alemania (11), Polonia (7) Txekiar Errepublika (5), Turkia, Belgika eta Portugal (bakoitza 3 ikaslerekin), Estonia eta Erresuma Batua (2) eta Finlandia, Austria, Irlanda, Eslovenia eta Lituania, ikasle banarekin.

Latinoamerikako herrialdeetan ikasle gehien bidali dutenak Perú eta Mexiko dira, 11 eta 10 hurrenez hurren. Gero datoz Chile, Argentina, Guatemala eta Bolivia (5 bakoitzak), Nikaragua (4), Honduras eta Ekuador (3), Uruguay, Brasil, Kolonbia eta El Salvador (1). Taldea osatzen dutenak dira Estatu Batuetako lau ikasle, Japoniako lau, Txinako hiru, Taiwango bat eta Hego Koreako bat. Horiei gehitu behar dizkiegu Espainiako 12 ikasle, NUPera datozenak mugikortasun nazionalerako SENECA programaren bidez.

Europara mugatua dagoen Erasmus programaren ondotik (74 ikasle), Erasmus Mundus da ugariena (31 ikasle). Horren helburua da europar unibertsitateen eta munduko beste eskualdeetakoen arteko harremanak indartzea, ikasleen eta irakasleen trukearen bidez. Ekimen honen helburu nagusia da Europar Batasunaren eta beste herrialde batzuen arteko ulermena eta aberastasuna lortzea Unibertsitate arloan, pertsonen, jakiteen eta gaitasunen trukeak sustatzen dituzten lankidetza-programen bidez. Helburu hori betetzen da Europako eta beste herrialde batzuetako goi mailako hezkuntza erakundeen artean, ikasleei eta irakasleei zuzendutako mugikortasun programak egituratzen dituzten horien artean, partzuergoak sustatuz.

Gainerako programak ondoko hauek dira: Virrey Palafox (11), Fundación Carolina (8), ISEP USA eta México (7), Martín de Rada (2), aldebiko hitzarmenak (7) eta ikasle bisitariak (2).

NUPera etortzen diren mugikortasuneko ikasle gehienek graduko ikasketak egin behar dituzte, baina graduondoko ikasleak ere etortzen dira, 23 master ofizialetako bat edo doktoretza programak egitera.