Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikastaro bat antolatu du, enpresetan kontzeptu mapak jakintza kudeatzeko tresna gisa erabiltzeari buruz. Unibertsitate-Gizarte Fundazioak antolatzen duen ikastaro hau profesionalei zuzentzen zaie. Gehienez ere, 20 ikaspostu izango ditu, eta urriaren 14an eta 15ean egingo da. Fermín Gonzálezek emango du: NUPeko Zientzia Esperimentalen Didaktikaren arloko katedraduna eta kontzeptu mapetan aditua da. Matrikulatzeko epea irekita dago. Interneten bidez egin daiteke matrikula, enpresei informazioa emateko atalean, Fundazioaren webgunean: http://www1.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad/

Ezagutzaren gizartean, enpresa baten aktibo baliotsuena haren langileen jakintza da. Jakintza hori gutxitan partekatzen da besteekin, eta langilea erretiratu eta beste lan batera aldatzen denean, galdu egiten da. Ikastaro honen xedea da erakustea aditu horien jakintza gordetzeko modua, erakundeko gainerako kideekin partekatzeko, kontzeptu mapa izenekoen bidez. Mapa horiek jakintzaren adierazpen grafikoak dira, eta oso erraz eraiki daitezke Cmap Tools software, Institute for Human and Machine Cognition delakoak garatu duena, erabilita. Mapak oso baliabide ona dira informazio kopuru handiak antolatzeko eta jakintza berriak sortzeko.

Aurreikusi diren saioetan, parte-hartzaileek Cmap Tools programa erabiltzeko aukera izango dute, eta ikusiko dute nola aplikatzen diren kontzeptu mapak jakintzen eredu sortzaileak prestatzeko, arlo eta ardura ezberdinetan, adituen jakintza jaso, ikustarazi eta partekatzeko, eta jakintzaren antolaketa optimizatzeko, era horretan, errazagoa izan dadin hura bere testuinguruan berreskuratzea. Ikastaroan programatutako lehen saioa, funtsean azalpena izango da, parte-hartzaileek ezagutu ahal izan dezaten softwarea eta enpresarendako interesgarriak diren alderdiekin lotura duten gaiak hautatzeko. Bigarren saioan, parte hartzaileek haien mapak prestatuko dituzte, hautatutako gaien bidez, eta egiaztatuko da progamak duen ahalmena, aurreikusitako helburuak lortzeko.

Kontzeptu mapak

Giza jakinzaren eta ikaskuntzaren eraikuntzari buruzko ulermenean izandako aurrerapen garrantzitsuek kontzeptu mapen garapena ekarri dute. Mapa horiek tresna grafiko bat dira, edonori gaitasuna ematen diona haren jakintza besteek erraz ulertzeko moduan adierazteko. Kontzeptu mapen asmatzailea Joseph D. Novak irakaslea izan zen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Honoris Causa doktore.

Kontzeptu mapak, funtsean, lotura-hitzen bidez lotutako kontzeptuak dira eta horrela proposizioak edo esaldiak osatzen dira, maparen egilearentzat kontzeptu horien arteko loturak duen esnahia adierazten dutenak. Mapak, beraz, halako eremu edo arlo espezifiko batzuei buruz dugun ezagutzaren adierazpen grafikoak dira. Oso erraz egin daitezke, eta adin guztietako ikasleek erabili ahal dituzte, eskolaurretik hasi eta unibertsitateko mailetaraino, eta diziplina guztietako profesionalek ere bai.

Kontzeptu mapak prestatzeko modua izugarri erraztu eta optimizatu du Cmap Tools softwareak, eta Internetetik oan kargatu daiteke. Software horrek ahalbidetzen du kontzeptu mapa horretako kontzeptuei gehitzea bestelako materialak, esate baterako, bideoak, web orrialdeak, JPG edo GIF irudiak, word dokumentuak, edo bestelako kontzeptu mapak.

Institute for Human and Machine Cognition erakundean Cmap Tools softwarea erabili da adituen esan gabeko jakintza jaso eta adierazteko. Aditu horien arloa oso anitza da: medizina nuklearra, eguraldiaren iragarpena, satelitearen bidezko irudien analisia, ekipo elektronikoen diagnosia, lurraren analisia, suziri espazialen diseinua, eta hirugarren munduko tokiko gastronomia, kultura eta artisautza.