Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Pabeko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateak Nafarroako erregeen kartularioei buruz egindako ikerketa lana ikusgai izango da Frantziako Pabe hirian erakusketa batean. Erregeen kartularioak eskuz idatzitako koadernoak dira, erregeek hainbat arrazoirengatik interesgarritzat jo eta kopiatzeko agintzen zuten hainbat agiri biltzen dituztenak. Erakusketa bihar, asteazkenean, irailaren 15ean, inauguratuko da Paben eta heldu den urriaren 26an Nafarroako Agiritegi Nagusira ekarriko da, eta bertan jarrita egongo da 2011ko otsailaren 6a arte. “Nafarroako erregeen boterearen oroitidazkiak” da erakusketa honen izenburua, Nafarroako Gobernuaren, Akitaniako Eskualdearen eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren laguntza ere baduena.
Ikerketa proiektu hau garatzeko Nafarroako Agiritegi Nagusiaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Agiritegiaren laguntza izan da, eta Nafarroaren eta Akitaniaren arteko mugaz gaindiko lankidetza hitzarmenaren barnean kokatzen da proiektua. Erakusketaren ardatz nagusia da, errege kartulario horien bidez, idazkiak oroimen historikoa gordetzeko tresna direla, izan ere, osagai apartak baitira familia-memoriaren eraketan, eta zabaldu eta ezagutzera eman nahi den irudiaren sorreran.
Erakusketa honen bidez estreinakoz bildu dira erregistro berezi horiek Erdi Aroan zeuden bezala. Bisitariak lau multzotan ikusi ahalko du nola azaldu zuten beren boterea printze eta errege horiek, eta nola agiriak idatziz argia eman zioten beren boterearen oroimenari. Kartularioak XIII eta XIV. mendekoak dira eta Teobaldo I., Teobaldo II., Karlos II. eta Karlos III. erregeek agindutakoak dira. Eskuz idatzitako koaderno horietan, monarkek beren agiritegiko agiri garrantzitsuenak kopiatzen zituzten hautaketa eginez, eta hautaketa horren arrazoiak ezagutu nahi izan dira bi unibertsitateen artean egindako ikerketaren bidez. Agiri gehienak Nafarroako Agiritegi Nagusian daude, baina azken erregeen jabetzako zati bat Paben dago, bereziki erresumaren aldarrikapenarekin edo beren Frantziako jabetzen kudeaketarekin lotutakoa.
Eloisa Ramírez Vaquero Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erdi Aroko Historiako katedradunak eta Verónique Lamazou-Duplán Pabeko Unibertsitateko kideak zuzendu dute proiektua. NUPek jarri duen ikertzaile taldea Iñigo Mugueta Gizarte Zientzien Didaktikako irakaslearekin eta Susana Aparicio doktoregaiarekin osatzen da.