Joan eduki nagusira

zoom Raquel Maestre Salas, lehenengoa ezkerretik, Sara Alcaraz, laugarrena, eta Jaione Aguirre, bosgarrena, ikastaroko beste bi ikaskiderekin batera.

Raquel Maestre Salas, lehenengoa ezkerretik, Sara Alcaraz, laugarrena, eta Jaione Aguirre, bosgarrena, ikastaroko beste bi ikaskiderekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hiru ikaslek Primorskako Unibertsitateak antolatu duen udako ikastaro batean parte hartu dute Esloveniako Koper hirian. Ikasle hauek parte hartu dute nazioarteko mugikortasunerako ekimen honetan: Sara Alcaraz, Ekonomia Lizentziaturakoa, Jaione Aguirre eta Raquel Maestresalas, biak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Lizentziaturako ikasleak.

María Elena Aramendía Muneta irakasleak sustatu zuen esperientzia, irakasle hori baita bi unibertsitateen arteko mugikortasunaren arduraduna. 13 herrialdetako 20 unibertsitatetatik etorritako 40 ikaslek parte hartu dute ikastaroan.

“Management and sustainable developing” du izena udako nazioarteko ikastaro honek, eta Europar Batasunak eta Esloveniako Gobernuak finantzatu dute. Funts horiek parte-hartzaileen matrikula tasak eta ostatu-gastuak estaltzen zituzten, bai eta Esloveniako Primorska eskualdeko (itsasbazterra) enpresa jarduera eta kultura ezagutzeko ohiz kanpoko jarduerak ere.

Bi asteko ikastaroa izan zen, eta uztail hasieran egin zen. Egun horietan, ikasleek enpresa munduari buruzko eskolak jaso zituzten eta gai hauei buruzko ezagutzen artean aukeratu ahal izan zuten: “Nazioarteko negozioak”, “Finantzak” edo “Erakundeen garapen iraunkorra”.

Ikasleek 6 ECTS kreditu lortu zituzten egonaldiagatik, eta beren ikasketa-espedientean sartu ahalko dituzte. Ikasleen iritzian, esperientzia “aberasgarria” izan da, eta pozik daude nazioarteko mugikortasunerako esperientzia batean parte hartu dutelako.