

Ezkerretik eskuinera, Jon Arbizu, José Félix García, Mª Elena Aramendía eta Fernando Herranz (SunTracking).
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresen Admininistrazio eta Zuzendaritzako Lizentziaturako (EAZL) ikasle talde batek bigarren urtez jarraian lortu du heltzea Google Online Marketing Challenge lehiaketaren finalerdira. Unibertsitateko eta graduondoko ikasleek benetako marketin jarduera batean esperientzia har dezaten sustatzea da mundu mailako lehiaketa honen helburua. Edizio honetan, lehiaketak 70 herrialdetako 8.000tik gora ikasle bildu ditu, guztira 2.441 taldetan.
María Elena Aramendía Muneta Enpresen Kudeaketa Saileko irakasleak zuzendu du NUPeko taldea, eta Jon Arbizu Artola eta José Félix García Tinoco Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasleek osatu dute. Aurreko urtean ere parte hartu zuen Unibertsitateak lehiaketa honetan María Elena Aramendíak zuzendutako bi talderekin, eta biak sailkatu ziren finalerdirako. Bai Jon Arbizuk eta bai José Félix Garcíak talde hauetako bat osatu zuten.
Lehiaketaren mekanika honako hau da: Ikasleen taldeek 200 dolarretako poltsa eskuratzen dute, hiru astetan gastatu behar dutena, Google Adwordsen bidez online egiten den zuzeneko kanpaina batean, publizitateari eta marketinari buruzko edukiarekin. Talde bakoitzak tokiko enpresa bat aukeratu behar du, eta online marketinaren kanpaina diseinatu, estrategia bat pentsatu, kanpaina bat burutu eta emaitzak ebaluatu. Halaber, antolatzaileei bi txosten aurkeztu behar dizkie, ingelesez, bat aurrekanpainarako eta beste bat kanpainaondorako. Talde bakoitzaren emaitzak eta txostenak mundu osoko akademikoek osatutako epaimahai independente batek epaitzen ditu.
Eguzki panelen enpresa baterako kanpaina
Marketing kanpaina SunTracking enpresarentzat diseinatu da (www.suntracking.es). Zamorako enpresa horrek eguzki panelak automatizatu eta kontrolatzen ditu automatizazioaren eta enpresak garatutako software baten ezarpenaren bidez. Teknologia honek mugikortasuna eta eguzkiaren jarraipena egiteko ahalmena ematen die instalazioei, beren errendimendua handituz eta kontrola hobetuz.