Zilegi al da pertsona batek bere buruaz beste egiteko erabakia hartzea? Gaitzesgarria da hori egitea? Historian zehar, gizarteak galdera hauek eta beste batzuek egin dizkio bere buruari kontzeptu honen gainean, eta, hain zuzen, kontzeptu hori izan du aztergai Javier Gil Gimenok Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatutako doktoretza tesi batean. Tesiak izenburu hau du: “Suicidio: Morir o matar. Un estudio de sociología”, eta soziologiaren ikuspuntutik aztertzen du fenomeno polemiko hau, abiapuntu gisa onartuz gertakari sozial honen jomuga direla bizitzaren eta gizakien erabaki-ahalmenaren mugak, eta horrek objektu ezin hobea bihurtzen du gizartean gertatzen diren tentsioak aztertzeko. Celso Sánchez Capdequí Soziologia Saileko irakasleak zuzendu du tesia, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan Soziologian doktorea da Javier Gil Gimeno, eta Soziologia Lizentziaturako 2. Sari Nazionala lortu zuen 2004an. Artikuluak eta erretzentsioak argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, hala nola REIS, Anthropos eta Revista de estudios filosóficos. 2006ko bigarren seihilekoan, egonaldia egin zuen Parisko Sorbonneko Unibertsitatearen Soziologia Sailean (Université Rene Descartes, París V).
Javier Gilen tesiak gaur egun suizidioaren inguruan dagoen tentsio soziala aztertzen du mailaz maila antolatutako zortzi kontzeptu oinarrizkoren bidez. Lehen mailan, modernotasuna dago, XVI. mendeko iruditerian aurrekaririk gabeko haustura sortzen duen garai historikoa. Egoera berri honek, “jainkoaren heriotza” dakarrenak, agertoki sozialaren erdian jartzen du lehenbizikoz gizabanakoa, bere biografiaren protagonista nagusi izatera behartuz berau.
Bigarren kontzeptua suizidioaren zergatiari buruzko galdera da. Zergatiari buruz galdetzea giza izaerak berezkoa duen zerbait dela badirudi ere, modernotasunaren testuinguru berrian hil ala bizikoa da galdera hau, halako moldez non borondatezko heriotzari buruzko eztabaida ezin saihestuzko auzi bihurtzen baita.
Suizidioa gertakari sozial gisa
Tesi honen hirugarren maila eta bere metodologia-ardatzetako bat da Emile Durkheimek defendatutako soziologiaren sorburu ideietako bat: Gizakiei eragiten dien edozein gertakarik badu alderdi sozial bat, eta, beraz, suizidioak ere bai. Aztergaiak historian zehar izan duen bilakaera gainbegiratzea lagungarri suertatzen da fenomeno hau ulertzeko egon diren modu desberdinen gainean kontzientzia hartzeko. Beraz, suizidioa fenomeno hori garatzen den gizartearen zirkunstantzien mende egotera igarotzen da.
Ikerketa lan honen hurrengo kontzeptu maila da indibidualizazioa modernotasunaren prozesu nagusi eta bereizgarri gisa. Ideia hori defendatu dute Ulrich Beck, Anthony Giddens, Richard Sennett edo Zygmunt Barman bezalako autore entzutetsuek. Indibidualizazioak adierazten du eragile sozial modernoak ez duela erabaki-ahalmena bakarrik, baizik eta erabaki behar duela eta bere egintzen ardura bere gain hartu gainera. Beraz, indibidualizazio prozesuak nagusi diren gizarteak ezaugarritzen dituena ez da aukera desberdinak hautatzeko ahalmena, aukera horietako baten edo batzuen artean hautatu beharra baizik. Baina, betebeharrekoa izateagatik errealitate adierabakarra izatetik urrun, ez dago zeregin hori egiteko modu bakar edo zuzen bat. Alderantziz, zenbat gizabanako gizartean, hainbat modu daude zeregin hori egiteko.
Autonomia pertsonala eta bizitzaren ikuspegi traszendentala –bosgarren eta seigarren maila hurrenez hurren- gaur egungo gizartearen balio nagusi bihurtu dira. Ikerketa honen helburua da suizidioaren ikuspegitik aztertzea aipatu tentsioak, alegia, gizakiaren izatearen zentzuari buruzko galderari erantzuteko bi “modu” desberdin hauen –gizarte modernoetan batera agertzen direnak lehenbizikoz– artean sortzen direnak. Javier Gilen iritzian, gertakari honek ez du ekarri bizitzaren ikuspegi traszendentalak eragin handia izaten jarraitzea errealitate sozialaren osaeran nola gizabanakoek eta gizataldeek hartutako erabaki burujabeetan, hauen arabera ontasun morala eraikitzeko abiapuntua giza bizitza baita, ezin zeharkatuzko muga dena.
Erailtzearen edo hiltzearen artea
Javier Gilek defendatutako tesia aurreko bi kontzeptuekin hertsiki lotutako bi kontzepturekin amaitzen da. Lehenengoak “hiltzearen artea” esaten dio suizidioari, eta autonomia pertsonala gizakiak gizartean duen izatearen oinarritzat hartzen duten talde batzuek babesten dute. Bigarren kontzeptuak, berriz, bizitzaren ikuspegi transzendentalaren balioari egiten dio aipamena, eta suizidioa “erailtzearen arte”tzat jotzen du.
Gaur egun indarra daukan moduak suizidioa “hiltzearen arte”tzat jotzen duten taldeen jarreran oinarrituta egoteak ez du esan nahi fenomeno hau “erailtzearen arte”tzat jotzen dutenen ahotsa aintzat hartzen ez duenik. Bizi dugun garaiaren ezaugarria da izatea ulertzeko modu ezberdinek bat egiten dutela gizarte berean. Are gehiago, tesiaren arabera, azken jarrera honek pisu handia izan du historian zehar, eta gaur egun indibidualizazio prozesuak areagotzeak suizidioa “hiltzearen arte”tzat jotzen duten taldeen eragina handiagotzea ekarri badu ere, gizartean garrantzi handia izaten jarraitzen du oraindik ere.