2010/2011 ikasturtetik aurrera gradu eta graduondoko titulazio guztietan indarra hartuko duen Tutoretza Plana onetsi du Nafarroako Unibertsitate Publikoak, halako moldez non ikasleek tutore pertsonala eta laguntza eta jarraipen zerbitzu bat izango baitituzte beren prestakuntza ibilbide osoan.
Europako Unibertsitate Eremuak aurreikusitako alderdietako bat da Tutoretza Plana eta NUPek 2008/09 ikasturtean esperimentu modura abiarazi zuen zerbitzu bat. Urte hartan, Ikasleen Gaietarako eta Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzak diseinatutako Plan Pilotua ezarri zen titulazio batzuetako lehen ikasmailan eta 84 irakasle eta 692 ikaslek parte hartu zuten. 2009/10 ikasturtean, ia titulazio guztietako lehen ikasmailetara zabaldu zen eta eta 150 irakasle tutore eta 1.500 ikasle izatera iritsi zen.
2010-11 ikasturtean, plana titulazio ofizial guztietan ezarri zen, eta ikaslearen prestakuntza ziklo osoan garatuko da. Tutoretzak sakontasun handiagoa izango du lehenengo ikasmailan. Aldiz, azkeneko ikasmailan oinarrituko da, batez ere, gradu amaierako proiektu edo lanerako orientabidean, ikerkuntza karreran hasteko edo laneratzeko. Masterreko ikasketetan, tutoretzaren xedea izango da ikasleari orientazioa ematea haren garapen profesionalean edo ikerketakoan.
Tutoretza borondatezkoa da, eta irakasle bakoitzeko ikasle talde mugatu batentzako laguntza eta jarraipen modura aurreikusten da (gehienez ere 20 ikasle). Ikaslearen trantsizio, harrera eta integrazio prozesua unibertsitatean bultzatzea da bere helburua; dauden zerbitzu, laguntza eta baliabideei buruzko informazioa ematea; ikasketetan aurrera egin dezan erraztea, banakako jarraipena eginez, bere ikasketetan dituen zailtasunak identifikatzea eta aurki daitezkeen konponbideak aztertzea; eta orientabidea ematea laneratzeko eta irtenbide profesionalak bilatzeko. Horretaz gainera, ikasleak informazioa jasoko du mugikortasun programei buruz eta nazioko eta nazioarteko kanpo erakunde eta enpresetan prestakuntza praktikak egiteko aukerei buruz.
Halaber, tutoretza planaren helburua da unibertsitatea ikasten dutenak bultzatzea ikasleen gobernu eta ordezkaritza organoetan eta unibertsitateko ikastegi, sail eta zerbitzuek antolatutako jardueretan parte hartzera.
Ikasmaila guztietan
Aurreikusitako kronogramaren arabera, lehen ikasmailan aholkatzen da tutoreak hasierako saio bat egitea tutoretzapeko ikasleen taldearekin lehen seihilekoa hastean eta banakako saioak seihileko bakoitzaren amaieran. Saio horiek taldeka egin daitezke, ikasleek eta irakasleak adosten badute. Nolanahi ere, aurrekoez gain, beste saio eta elkarrizketa batzuk egin ahalko dira, edozein aldek hala eskatuta, eta une oro tutoretza birtualeko gune bat erabilgarri egongo da NireIkasgelategia unibertsitate komunitatearen plataformaren bidez.
Ikasmaila ertainetan, eskariaren arabera, hala nahi duten ikasleei tutoretza berariazkoa eskaintzen ahalko zaie, jarduera berariazko zehatzik gabe, eta beti erabilgarri egongo da tutoretza birtuala.
Azken ikasmailarako, halaber ikasleak eskatuta, orientabidea emango da Gradu amaierako lanerako, bai eta praktika profesionalerako ere, eta informazioa graduondoko ikasketekin jarraitzeko.
Master ikasketa ofizialei dagokienez, matrikulatutako ikasle bakoitzari tutore bat esleituko zaio bere ikasketak garatu ahal izateko. Horretaz gainera, tutoretza laguntza emango dio ikasleari ikerkuntza karrera prestatzeko edo jakintza adar bateko espezializazio profesionalerako.
Irakasle tutoreen prestakuntza
Orain arte garatutako esperientziak ahalbidetu du irakasleei prestakuntza emateko hainbat ikastaro egitea, tutoretzarako laguntza materialak prestatzea eta atzemandako gorabeherak aztertzea. Ildo honetan, Tutoretza Planak zehazten du lehen hiruhilekoaren hasieran irakasleak prestatzeko mintegiak garatuko direla, ikasturtean zehar hitzaldi espezifikoak egingo dira eta euskarri birtualeko prestakuntza ere erabiliko da.
Irakasle tutorea izateko, titulazioan edo ikastegian irakasten duten lanaldi osoko irakasleak lehenetsiko dira. Ahaleginak egingo dira ikasle bakoitzak tutore bera izan dezan bere ikasketak egiten ari den bitartean, baina aldaketa eskatzeko aukera badago, justifikatutako arrazoiengatik, edozein aldek eskatuta.
Ikasturte amaieran, irakasle tutoreek tutoretzaren balioespena egin eta titulazioaren koordinatzaileari aurkeztuko dizkiote emaitzak. Honek Tutoretza Planaren jarraipen eta balioespen txostena egin eta datu hauek jasoko ditu: egindako tutoretzei eta parte-hartzeari buruzko datu kuantitatiboak, ikasleentzako laguntza zerbitzuen erabilpena, atzemandako arazoen tipologia eta emaitzak. Azkenik, ikastegiko titulazioei buruzko txosten guztiak aztertuko ditu batzorde batek eta Plana hobetzeko jarduerak proposatuko ditu.