Joan eduki nagusira

zoom Javier Dronda Martínez

Javier Dronda Martínez

Erlijio-auziak Nafarroan izan zuen pisua, Bigarren Errepublikako biurtekoarekin (1931-33) hasitako sekularizazio prozesuaren aldekoen eta aurkakoen arteko gatazka, ikertu du Javier Dronda Martínezek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duen doktoretza tesian. Aipatu tesian ondorioztatzen du erlijio-auziaren erabilpen politikoa, Elizak eragin sozial handia zuen testuinguru batean, erabakiorra izan zela Errepublikaren aurkako mobilizazioak Nafarroan arrakasta izateko.

“Errepublikaren sekularizazio politikaren aurkako mobilizazio katolikoak izan zuen indarra, hein handi batean, apaizeriaren eragin sozial handiari zor zaio, haien kopurua oso handia baitzen eta beraien eliztarrengandik oso hurbil baitzeuden jatorriz, bai geografiaren eta bai gizarte mailaren ikuspegitik —aipatzen du lanaren egileak—. Haien aginpidea ez zen mugatzen esparru espiritualera. Izan ere, pisu handia zuten hezkuntzaren esparruan, gizarte maila ezberdinen arteko bitartekaritza lana egiten zuten eta Nafarroako mugimendu katoliko askotarikoa kontrolatzen zuten”.

Javier Dronda Martínez Historian lizentziaduna eta bigarren hezkuntzako irakaslea da, eta Emilio Majuelo Gil NUPeko Geografia eta Historia Saileko irakaslearen zuzendaritzapean egin du bere doktoretza tesia. Gerónimo de Uztáriz Historia Ekonomiko eta Sozialeko Institutuaren mahaikidea da eta hainbat libururen egilea, hala nola “Katolizismo politikoa eta mugimendu katolikoa Nafarroan, 1931-1936”, “Nafarroako apaizeriaren jarrera euskararekiko gerrarteko urteetan”, Sesma II. Errepublikan”. Halaber, Emilio Majuelo Gilekin batera argitaratu du “Erlijio-auzia eta Errepublikoako demokrazia Espainian (1931-1939)”.

Historialari hau ez da mugatu 1931-1933 biurtekoa ikertzera, erlijioak eta Eliza katolikoak XX. mendearen lehen herenean nafar gizartean izan duten eragina ere aztertu baitu. Eta hainbat alderditatik egin du: erlijio festen eta debozio katolikoen garrantzia soziabilitatean eta nortasun kolektiboan; apaizeriak gizartean eragiteko erabiltzen dituen bitartekoak; mugimendu katolikoaren maila ezberdinak; lurralde desberdintasunak erlijio jarrerari dagokionez. Hortik aurrera, Nafarroan ezarritako sekularizazio neurrien kontakizun kronologikoago bat egiten du Javier Drondak, erregimen berriaren aldarrikapenetik eskuinak 1933ko azaroan erdietsi zuen hauteskunde garaipenera arte.

Sekularizazio prozesua

Nafarroako mugimendu katolikoaren barnean zeuden bai zuzenean apaizeriaren mende zeuden elkarteak (Acción Católica edo elkarte elizkoi ezberdinak) eta bai elkarte independenteago batzuk ere —baina beren jarduera-ardatz garrantzizkoenen artean Elizaren status abantailatsua babestea zutenak—, hala nola “prentsa ona” esaten zaion hori eta erakunde politiko katolikoak.

“Mugimendu katolikoaren fronte ezberdinak elkarrekin ongi lotuta egon ziren beti eta karlismoak zeresan handia izan zuen lotura horietan”, azaldu du ikertzaileak. Ildo honetan, azpimarratu du karlistek zeresan handia izan zutela, halaber, eragin handiena izan zuen asoziazionismo katolikoaren hedapenean: Federación Católico-Social Navarra elkartearen inguruan bildutako nekazaritza kooperatibismoa. “Mugimendu hau nekazaritza lurjabe txikien artean hedatu zen batez ere, eta ez hainbeste eguneko soldatako langileen artean, ideia sekularizatzaile berriei lotutako sindikalismo sozialista hedatu baitzen langile hauen artean.

Nafarroako toki batzuetan, sekularizazio prozesua aurreratua zegoen 1931n, bereziki halako tamaina bat zuten herrietan: Erriberako herrietan batez ere, baina Iruñean bertan, Altsasun, Esan eta Pirinioetako ibar batzuetan ere bai. Estatuan indar errepublikazaleak eta sozialistak boterera iristeak, bai eta udalerri esanguratsu batzuetan lortutako hauteskunde garaipenak ere, boteregune batzuen kontrola eman zion Nafarroako gutxiengo ezkertiarrari Errepublikaren lehen biurtekoan. Eta hori mehatxu argia zen ordura arte probintzian nagusi izan zirenentzat, Eliza bera barne”.

Egoera berriak behartuta, Nafarroako Elizak modernizazio prozesu bati ekin zion esparru laiko berri batera egokituz. Esparru berri horretan, estatuaren babesik ez bazuen ere, gizartean zuen eraginari eutsi ziezaiokeen. “Nafarroan Errepublikaren erreformen aurka jarri ziren indar politikoen ezaugarri nagusia zen laizismoaren aurkako intrantsigentzia, kultu askatasunaren aurkako protesta goiztiarretan argi geratu zen bezala”.

Errepublikaren erreformen aurkako arbuioak batu zituen Nafarroako indar katoliko guztiak Koalizio Katoliko-Foruzale izeneko fronte komun heterogeneo batean, eta koalizio horrek irabazi zuen 1931ko hauteskunde konstituziogileetan. “Baina jarduera batasun hau erlijio politikaren autonomia bermatuko zuen estatutu bidearen porrota ekarri zuen. Orduz geroztik, Eusko Alderdi Jeltzaleak Errepublikaren legedi berrian txertatutako autonomiaren alde egin zuen, eta Eskuineko Blokean bildutako gainerako indar katolikoak erregimen berriaren aurkako jarrera hartu zuten. Karlismoaren kasuan, bortxazko aurkaritza bihurtu zena, hasiera-hasieratik matxinadaren alde egin baitzuen”.

Javier Drondaren iritzian, Errepublikaren lehen biurtekoan mobilizazio katolikoa gero eta handiagoa izan zen laizismoa legedian zehaztuz zihoan heinean; erlijioaren aurkako oldarraldia abian zelako idea hedatu zen, eta erregimen sekularizatzaile eta erreformista bateraezina zela errotik katolikoa zen Nafarroa batekin. “Mezu honek ahalbidetu zuen Nafarroako populazioaren zati handi batek Errepublikaren aurkako diskurtsoa onartzea, Eskuineko Blokeak 1933ko azaroan lortutako hauteskunde garaipen handiak frogatu zuen bezala”.