Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Emilio Lamo de Espinosa, José Iribas, Julio Lafuente, Javier Caballero eta Teodoro Hernández de Frutos.

Ezkerretik eskuinera, Emilio Lamo de Espinosa, José Iribas, Julio Lafuente, Javier Caballero eta Teodoro Hernández de Frutos.

“Espainia: gizartea hogeita hamar urtetan zehar, soziologia hogeita hamar urtetan zehar”. Hori da Espainiako X. Soziologia Biltzarraren leloa. Biltzarra aste honetan inauguratu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Espainia osoko adituek aztertuko dituzte zientzia-diziplina honek azken 30 urteetan izan duen bilakaera eta etorkizunean izango dituen lan-lerroak. Espainiako Soziologia Federazioak (FES), Nafarroako Soziologia Elkarteak eta Unibertsitateak antolatu dute biltzarra.

Hasiera-ekitaldian izan dira, beste batzuen artean, Julio Lafuente López NUPeko errektorea, Javier Caballero Martínez Nafarroako Gobernuaren lehen lehendakariordea, José Iribas Sánchez de Boado Iruñeko Udalaren lehen alkateordea, Emilio Lamo de Espinosa Espainiako Soziologia Federazioaren lehendakaria, eta Teodoro Hernández de Frutos Nafarroako Soziologia Elkartearen lehendakaria. Soziologian katedraduna den María Ángeles Duránek eman du hasierako hitzaldia, Espainia orain dela 30 urte. Espainia 30 urte barru” izenburua zuena.

zoom Biltzarreko parte-hartzaileak inaugurazio-saioan

Biltzarreko parte-hartzaileak inaugurazio-saioan

Biltzarra egituratzeko lau simposium eta hogeita hamarren bat lan talde egongo dira eta haietan soziologiaren inguruko gai asko aztertuko dira. Hala, simposium horien gaiak ondoko hauek izango dira: “Espainia, gizarte industrialetik ezagutzaren gizartera”, “Tokiko desberdintasunak, desberdintasun globalak”, “Rolak, nortasunak eta bizimoduak” eta “Soziologia eta gizartea Espainian: gizartearen pentsaera hogeita hamar urtetan zehar”.
Biltzarraren lan-taldeetako batek Nafarroako errealitate sozialean jarriko du arreta, eta hainbat gai aztertuko ditu, hala nola lan merkatua, inmigrazioa, gazteak, emakumeak eta kohesio soziala.

Biltzarraren lehen jardunaldi honetarako, programa hau dago aurreikusita: “Angel Palermen gaurkotasuna Gizarte Zientzietan” hizpide izango duen mahai-ingurua, lan taldeen lehen saioa, I. Simposiuma, Angel Palerm Katedraren aurkezpena, eta Ikasketa Sozial Aurreratuen Institutuaren aurkezpena (IESA/CSIC). Bihar, ostirala, jarduera hauek egingo dira: lan-taldeen 2. eta 3. saioa, II. eta III. simposiumak, zahartzaroaren soziologiako azpitaldearen bilera eta “Gizarte irudikatua. Gizarte mugimenduak Espainian”, Benjamín Tejerinaren liburuaren aurkezpena. Halaber, arratsaldez egingo da FESen Biltzar Federalaren bilera, eta 20:00etan “Espainiako trantsizio politikoa” dokumentala, Andaluziar Ikasketen Zentroak egindakoa, aurkeztuko da.

Jarduera hauek amaiera emango diote Biltzarrari larunbat goizean: lan-taldeen 4. saioa, IV. Simposiuma, eta amaierako hitzaldia, “Soziologia orain dela hogeita hamar urte, soziologia hogeita hamar urte barru” izenburua duena, Manuel Pérez Yruelaren eskutik.


Espainiako Soziologia Federazioa


Biltzarra Iruñean egingo da, Nafarroako Soziologia Elkartearen eskariz, beste hiriburuetara eraman nahi zuten beste lurraldeetako elkarte batzuekin lehiatu ondoren. Orain arte ondoko hirietan antolatu da: Zaragoza, Santander, Donostia, Madril, Granada, A Coruña, Salamanca, Alacant eta Bartzelona.

Espainiako Soziologia Federazioan lurraldeetako hamabi elkarte daude eta hogeitik gorako instituzio, unibertsitateko fakultate eta zientzia zein lanbide elkarte. FES elkarteak, gaur egun, Espainiako 3.000tik gorako soziologo biltzen ditu; Europako Soziologia Elkarteko kidea da, Internacional Sociological Associationekoa, eta hertsiki aritzen da lankidetzan Latinoamerikako Soziologia Elkartearekin.

Espainiako X. Soziologia Biltzarreko Batzorde Antolatzaileko burua Teodoro Hernandez da eta ondoko kideak ditu: Luis Sarriés, Esther Casares, Juan María Sánchez Prieto, Carmen Innerarity, Juan José Lizarbe, Alejandro Navas, Neus Caparrós eta Nuria del Olmo. Batzorde Zientifikoko burua Emilio Lamo de Espinosa da.