Nafarroako Unibertsitate Publikoa Alzheimer gaixotasunaren goiz detekzioan erresonantzia magnetikoen irudiak prozesatzeko sistema berri baten bidez aurreratzeko asmoa duen plataforma informatiko bat garatzen ari den lantalde batekoa da. Plataforma hau bete-betean ari da lanean eta lehen saio pilotua 2011ko udaberrian egitea espero da.
Industria Ministerioaren Avanza Planak diruz lagundutako ikerketa hau garatzen ari den lantaldeko kideak gaur bildu dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campusean. Taldea, gehienbat, Espainiako hainbat unibertsitatetako ingeniariek eta informatikariek, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko eta Madrilgo Ramón y Cajal Ospitaleko medikuek osatzen dute.
Nafarroako Unibertsitate Publikoan Ana Insausti Serrano Anatomia eta Enbriologiako irakaslea eta Osasun Ikasketen Eskolako zuzendariordea da proiektuaren buru. Gainera, lankidetzan ari dira Elisabeth Pais Sousa Tuterako campuseko Fisioterapia Diplomaturako lehen promozioan titulua ateratako kontratupeko bekaduna, eta Amparo Santamaría Torroba Fisiologia Arloko irakaslea, gai honi buruzko doktoretza tesia hasiko duena.
Alzheimerra detektatzeko informatika sistema berri honek ekarriko dituen aurrerapenak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte gaur José Ramón Alfaro NUPeko Tuterako campuseko errektoreordeak; Ricardo Insausti Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko Anatomia eta Giza Enbriologiako katedradun eta taldeko koordinatzaile medikuak; Ana Insausti Serrano Anatomia eta Enbriologiako irakaslea eta Osasun Ikasketen Eskolako zuzendariordeak; eta César González besteak beste osasun arloko teknologia bestetaratzen jarduten duen Elecnor taldeko Nuevos Mercados de Deimos Space enpresako zuzendariak.
Erresonantzia magnetikoen irudiak
Alzheimer gaixotasuna eta bere goiz detekzioa etengabeko erronka dira gaur egungo medikuntzan. Gaur Tuteran aurkeztu den plataformak gaixotasun honen eta beste dementzia batzuen goiz detekzioan nabarmen laguntzeko asmoa dute erresonantzia magnetikoen irudien bidez.
Gaur egun, neuroirudien teknikak garrantzi handia hartu dute erabilgarriak direlako bai diagnostiko goiztiarrean bai diagnostiko diferentzialean eta Alzheimer gaixotasunaren jarraipenean, diagnostiko goiztiar gisa aplikatuz narriadura kognitibo arinak izeneko gaixotasunaren hasierako estadioetan.
Praktika klinikoan erabiltzen diren neuroirudien tekniken artean, erresonantzia magnetikoa da dementzien azterketan oinarrizko datuak eman dezakeena. Alzheimer gaixotasunean ikusi da adierazpen goiztiar bat lobulu tenporal medialaren hainbat eremuko asaldura dela, zehazki, hipokanpoan eta eremu parahipokanpikoan. Hasierako estadioetan eremu hauen atrofia gertatzen da eta berehalako oroimena finkatzeko prozesuetan eragina izaten du. Erresonantzia magnetikoen irudien bidez ikusten denez, egitura horien bolumena murrizteak badu loturarik Alzheimerrarekin.
Plataforma informatikoak erresonantzia magnetikoen irudiak biltzen ditu eta, konputazio-prozesu luze baten ondoren, Alzheimer gaixotasuna duten pazienteen oroimen-prozesamenduan inplikatutako garun eremuen bolumenaren neurria eta modelazioa ateratzen du.
NUPek ikerketa honetan izan duen parte-hartzea oroimenarekin lotutako garunaren eremuen arakatze morfologikoan gauzatu da, erresonantzia magnetikoan ateratako irudiekin lotutako garun-azal tenporalaren eremuetako mugak finkatuz. Ukitutako eremuen ezagutza xeheago honek galera bolumetrikoaren kokapenaren eta magnitudearen zehaztasuna areagotzeko bidea ematen du.
Ikerketa honetan dabiltzan zentroak honako hauek dira: Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea, UNEDen Adimen Artifizialeko Departamentua, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa-Teknologia Biomedikoko Zentroa eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Elkartutako ospitaleak dira Madrilgo Ramón y Cajal Ospitaleko Zientzia Neurologikoen Unitatea, Nafarroako Klinika Unibertsitarioa eta Gaztela-Mantxako Osasun Zerbitzua. Gainera, ikerketa horien bestetaratzea aplikazio praktiko batera Deimos Space enpresaren bidez egiten da.