Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Senén Barro, Javier Uceda, Julio Lafuente eta Pedro Burillo, txostenaren aurkezpenean.

Ezkerretik eskuinera, Senén Barro, Javier Uceda, Julio Lafuente eta Pedro Burillo, txostenaren aurkezpenean.

Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Javier Uceda CRUEko IKTen Arloko Batzordearen lehendakari eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko errektoreak, Senén Barro IKT Lan taldeko lehendakari ohi eta Santiagoko Unibertsitateko errektoreak, eta Pedro Burillo IKT Arloko Batzordearen lehendakari ohi eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore ohiak UNIVERSITIC 2010 izenburuko liburua aurkeztu dute.

CRUEko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaren Arloko Batzordeak, beste urte batez, UNIVERSITIC txostena argitaratu du; bertan, 2009ko abenduan bildutako datuetan oinarrituz, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaren bilakaera aztertzen da Espainiar Unibertsitate Sisteman (EUS). Aurten, gainera, beste atal bat gehitu da, non EUSen 2006tik 2010era bitartean izandako IKTen bilakaera azaltzen baita. Edizio honetan espainiar unibertsitateetako ikasleen % 93,7 biltzen duten 60 unibertsitatek parte hartu dute. Txosten hau hiru multzo handitan dago: UNIVERSITIC 2010: IKTak Espainiar Unibertsitate Sisteman 2010ean; IKTen bilakaera Espainiar Unibertsitate Sisteman 2006tik 2010era; eta CRUEko IKTen Arloko estrategia lerroak eta jarduerak.

zoom CRUEko IKTen Arloko Batzordeak eginiko bileraren argazkia.

CRUEko IKTen Arloko Batzordeak eginiko bileraren argazkia.

Azterlan honen xedea da IKTek unibertsitateetan duten egoera aztertzea, eta ahalik eta hobekien ezartzeko politikak eta estrategiak, banakakoak zein bateratuak, finkatzea. UNIVERSITIC 2010 txostenak egoera baikorra azaltzen du teknologiaren ezarpenari dagokionez espainiar unibertsitate sisteman. Unibertsitateen % 90ek badute edo garatzen ari dira IKT azpiegiturak etengabe eta aldiro berritzeko plan bat.

Txostenaren arabera, unibertsitate gehienek badute IKTetarako aurrekontu berekiak eta bereiziak, eta IKTen arlorako aurrekontuak, unibertsitate aurrekontuaren % 4,15 egiten du batez beste.

Azterlanaren emaitzetatik ondorioztatzen da unibertsitateek teknologia berriak ezartzen jarraitzen dutela irakaskuntzan laguntzeko: ordenagailuak (13 ikasle ordenagailu bakoitzeko), multimedia proiektagailuak (ikasgelen % 64) eta Interneterako hari gabeko konexioa (ikasgelen % 86 wifi estaldurarekin). Adierazle hauen hobekuntza sendotzeak aditzera ematen du unibertsitateek garrantzi handia eman diotela ikasgeletan ikasleen eta irakasleen eskura ekipamendu informatikoa jartzeari.

Beste datu positibo bat da ia unibertsitate guztietan badirela software aplikazioak ikerketa kudeatzeko eta Web atari bat teknologiaren eta ikerketaren eskaintza zabaltzeko. Gaur egun, ikerketa taldeen % 71k beren jarduera zabaltzen dute beren web-orrialdearen bidez eta ikertzaileen % 70ek jarri dute beren curriculuma erakundearen datu-basean. 2010ean unibertsitateen % 60k badute web aplikazio bat zientziari buruzko biltzarrak argitaratzeko eta kudeatzeko (hau % 24ko hobekuntza da 2006. urtearekin alderatuta).


Espainiako unibertsitateek ahaleginak egiten jarraitzen dute erabiltzaileei laguntzeko administrazio elektronikoaren eta kudeaketa prozesuen automatizazioaren teknologia arinagoa eta modernoagoa izan dadin. CRUEk interes berezia agertu du administrazio elektronikoari laguntzeko teknologien ezarpena sustatzeko, eta lortu du haren presentzia 2006an % 39 izatetik, gaur egun % 67 izatera pasatzea. Halaber, interesa agertu du administrazio zerbitzuak webaren bidez eta modu pertsonalizatuan eskain daitezen (gaur egun horietako % 77 daude eskuragarri).

CRUEk interes bera du bai teknologia berrien ezarpenean bai ezartzen direneko kalitatean eta prozesuei eransten dien kalitatean ere. Horrela, hobekuntza handia antzeman da (% 32koa) ezarritako IKTekin lotutako praktika egokien ehunekoari dagokionez, 2006an % 47 izatetik 2010ean % 82 izatera pasatu baita. Eta ziurtatutako IKTen bidez egindako unibertsitate prozesuei dagokienez, 2006an batez bestekoa 1,13 prozesu zen unibertsitate bakoitzeko, eta gaur egun 2,29 prozesu dira unibertsitate bakoitzeko, (izan ere, % 102ko hobekuntza ikusgarria da).

Ateratako emaitzetatik ikusten da unibertsitateek apustu sendoa egin dutela IKTak erabiltzeko beren unibertsitate prozesuetan eta aldaketarako eta berrikuntzarako funtsezko elementu gisa jartzeko. Argi eta garbi ikusten da unibertsitateek urte hauetan zehar egindako ahalegina; izan ere, hasierako helburuetako asko betetzen eta era berean jorratzen jarraitu beharreko beste alderdi batzuk aurkitzen lagundu baitu.