Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Miguel Pagola, Aranzazu Jurío eta Humberto Bustince.

Ezkerretik eskuinera, Miguel Pagola, Aranzazu Jurío eta Humberto Bustince.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Humberto Bustince, Miguel Pagola eta Aranzazu Jurío ikertzaileek, Tras-os-Montes e Alto Douro (Portugal) unibertsitateko Pedro Melo-Pinto eta Pedro Couto ikertzaileekin batera, artikulu onenaren saria jaso dute Adimen Artifizial Aplikatuaren Nazioarteko Elkartearen (ISAI) XXIII. Biltzarrean, ekainaren 1etik 4ra arte Kordoban egin den horretan. Hau da Espainiako ikertzaile talde batek ISAIren sari hori eskuratzen duen lehenbiziko aldia. Munduan konputazio zientziei buruz egiten diren 701 biltzarretatik, ISAIrena 50 onenen artean sailkatzen dute.

Saritutako artikulua, “Separación inteligente de objetos en imágenes utilizando entropías intuicionistas” izenburukoa, adimen artifizialeko eta arrazonamendu hurbileko ikerketa taldeak azken urteotan egindako lanaren emaitza da. Taldearen arduraduna Humberto Bustince da, NUPeko konputazio zientzietako irakaslea. Berak dioenez “irudi bat ikusten dugunean, automatikoki gure garunak zati bat aukeratzen du garrantzizkoentzat; nabaritzen den irudi bat izan daiteke, edo ondoko kolore bat, silueta bat... Guk aukeraketa hori imitatu nahi dugu, eredu matematiko baten bidez, irudiaren ezaugarri garrantzizkoenak atera ahal izateko ».

Orain NUPeko ikerketa taldea, aipatu unibertsitate portugesarekin batera, proiektu bat prestatzen ari da, adimen artifizialari eta irudi medikoari buruz. Bustinceren iritziz, aurkeztutako lanaren alderdi aipagarrienetako bat da lortu dutela irudiaren alderdi bat baino gehiago ateratzen. “Nire ustez, sari honek balioetsi du, batez ere, lanak dakarren garapen matematikoa, irudi batek ematen duen informazio osoaren kaos hori neurtzeko adierazpen matematikoak”.

Adimen Artifizial Aplikatuaren Nazioarteko Elkartearen biltzarrera 500dik gora lan aurkeztu ziren, eta horietatik 250 aukeratu ziren. Horietatik zazpik jaso zuten aipamen berezia, eta batek lortu zuen artikulu onenaren aipatu saria, “Bikaintasun profesionala aitortzeko”. ISAIren 2011ko biltzarra New Yorken izango da.